"Leioako Ahotsak" proiektuak emakumeen memoria eta ahotsa ekarriko ditu oholtzara

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 27a

Saioak otsailaren 6tik martxoaren 6ra egingo dira, eguenero. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak "Leioako Ahotsak" antzerki komunitarioko proiektua jarri du martxan, historian isilarazitako emakumeei ahotsa emateko asmoz, Leioaren 500. urteurrenaren baitan.

Ekimenak 18 urtetik gorako Leioako emakumeak gonbidatu gura ditu parte hartzera, aurretiazko esperientziarik gabe ere. Saioak otsailaren 6tik martxoaren 6ra egingo dira, eguenero, 18:00etatik 20:00etara, Elexaldeko Errotan.

Parte-hartzaileek emakumeen memoria kolektiboa landuko dute, eta 3–5 minutuko bost pieza eszeniko labur sortu zein antzeztuko dituzte, udalerriko emakumeen bizipen eta testigantzetatik abiatuta.

Proiektuaren emaitza martxoaren 7an ikusi ahal izango da, 20 laguneko edukiera izango duten zortzi emanalditan (11:00etatik 19:00etara). Jardunaldia 20:00etan amaituko da, poesia-errezitaldi kolektibo bategaz, Elexaldeko Errotako anfiteatroan.

Parte hartu gura dutenek otsailaren 5a baino lehen eman beharko dute izena 500urte@leioa.eus helbidean. Eskaera handia bada, zozketa egingo da. Ikusleek ere aurrez izena eman beharko dute martxoaren 4a baino lehen; poesia-errezitaldirako, aldiz, sarrera librea izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun