Planaren bidez, ia 3,2 milioi euro bideratuko dira udalerriko elkarteek eta erakundeek herritarrentzako eskaintzen dituzten zerbitzu zein jarduerak indartzera, baita bizilagunen ongizatea eta gizarte-babesa sustatzera ere, bereziki mendekotasun- edo kalteberatasun-egoeran dauden pertsonentzat.
Aurtengo dokumentuak bi berrikuntza nagusi jasotzen ditu. Batetik, 80.000 euroko partida sortu da etxebizitza eskuragarriagoa sustatzeko, alokairu soziala bultzatzeko eta jabeei laguntzak emateko. Hau guztia Eusko Jaurlaritzaren alokairu-programetan etxebizitzak uzten dituzten kasuetan zein merkatuaren azpiko prezioetan alokatzen dutenentzat. Bestetik, 10.000 euroko laguntza bideratuko da Auzotaxi zerbitzu berrira, Santsoena, Peruri eta Santi Mami bezalako auzoetako mugikortasuna errazteko.
Gizarte-laguntzak, lehentasun
Diru-kopuru handiena kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboentzako arretara bideratuko da: 1,1 milioi euro baino gehiago. Horien barruan Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (852.610 euro), mendekotasuna duten adinekoentzako arreta (185.000 euro) eta bazterkeriaren, osasunaren edo familia-esku-hartzearen arloko programak egongo dira.
Horrez gain, lankidetza, migrazioa eta berdintasuna sustatzeko 383.809 euro erabiliko dira; besteak beste, Euskal Funtsa, harrera programak eta larrialdi humanitarioetarako laguntzak indartzeko.
Enplegua, kirola, hezkuntza eta kultura
Udalak 351.600 euro bideratuko ditu tokiko enplegua eta enpresa-garapena sustatzera, merkataritza dinamizatzeko ekintzak eta gazteen laneratzea barne.
Kirol arloan, 445.334 euro erabiliko dira kirol-klubak, ekitaldiak eta kirol inklusiboa laguntzeko.
Hezkuntza eta euskara sustatzeko, 212.250 euro aurreikusi dira, ikastetxeentzako laguntzak eta euskararen normalizaziorako programak barne.
Kultura eta jaietarako, 178.300 euro bideratuko dira tokiko elkarte eta jai batzordeetara, eta 70.000 euro adinekoen etxeetako aisialdi-jardueretara.
Azkenik, planak 286.000 euro jasotzen ditu suteak itzaltzeko zerbitzurako, eta beste partida batzuk ere barne hartzen ditu, hala nola talde politikoentzako diru-izendapena (86.640 euro) eta Soinu Atadi zein Euskararen Erakundea bezalako udal-erakunde autonomoentzako transferentziak.
Guztira, 2026rako Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren zenbateko osoa 5,5 milioi eurokoa izango da.