Otsailaren 14an, zapatuan, hasiko dira ospakizunak. Arratsaldeko 17:00etan piztuko da festa Errekalde plazan: etxeko txikienek puzgarriak eta eskulan tailerrak izango dituzte. Giroak indarra hartuko du 19:00etatik aurrera Jose Ramon Aketxe plazan, Dantza Saltsa taldearen familia-animazioagaz Emanaldi horrek mozorro festari emango dio hasiera.
Ordu berean, Ibarretukadak kalejira egingo du herrigunean barrena, inauterietako doinuak eta erritmoa kaleetara eramanez. Eguraldi txarra eginez gero, jarduerak Barandiaran Behekoa institutuan egingo dira.

Gaueko egitaraua helduei zuzenduta egongo da bereziki. 21:30ean, Ikea Barri plazan jarritako karpan, mozorro festa hasiko da, Eñaut-Eriak eta Alex musikarien eskutik. Sari-banaketa egin ondoren, Altxa Porru taldearen erromeriak luzatuko du gaua, eta festak 03:00ak arte jarraituko du.
Inauteri egitarauak jarraipena izango du otsailaren 17an, martitzenean, haurren egunagaz. 12:30ean, Kiki Koko pailazoek umorez eta jolasaz betetako ikuskizuna eskainiko dute. Arrastian, 16:30etik aurrera, jarduerak berriz martxan jarriko dira: 17:00etan disko-festa izango da, eta 18:00etan mozorro desfilea egingo dute Kandelazubietan. Umeek bakarka zein taldeka parte hartu ahal izango dute, eta izen-ematea egunean bertan egin ahalko da. Sariak 19:00etatik 20:00etara banatuko dituzte, inauteriei amaiera emanez.
Aurtengo berrikuntzen artean, Udalak zaratarekiko sentikorrak diren haurrei zuzendutako soinu-inhibitzaileak erosi ditu. Behar dituztenek udal langileei maileguan eskatu ahal izango dizkiete ekitaldietan bertan, festaz modu erosoagoan gozatzeko.