Prozesuaren lehen fasea otsailaren 9tik 23ra egingo da. Epe horretan, 16 urtetik gorako leioaztarrek udalerria hobetzeko proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, betiere interes orokorrekoak badira eta ikuspegi teknikotik zein ekonomikotik bideragarriak. helburua da herritarrek zuzenean erabakitzea zertan inbertitu udal baliabideen zati bat.
Parte-hartzea errazteko, Udalak hainbat bide jarri ditu martxan. Proposamenak aurrez aurre entregatu ahal izango dira herriko hainbat eraikinetan jarritako postontzietan; besteak beste, Pinuetako eta Txorierriko aterpetxeetan, udaletxean edo Sakonetako kirolgunean. Horrez gainera, kalean ere postontziak jarriko dira: Lamiakoko metro geltokian, Udondoko Bulebarrean, Mendibile inguruan, Kultur Leioa plazan eta beste hainbat puntutan.
Gainera, Bidebarri Bulebarrean informazio gune berezia egongo da otsailaren 16tik 23ra. Bertan, udal langileek arreta zuzena emango dute egun batzuetan, prozesuari buruzko azalpenak emateko, baita proposamenak aurkezten laguntzeko ere.
Proposamenak telematikoki ere aurkeztu ahal izango dira, udalaren plataforma ezberdinen bitartez. Herritarrek lehentasunezkotzat jotzen dituzten proiektuak izango dira, azkenean, 2027ko aurrekontuan sartuko direnak.