Beste behin ere, Leioako Udalak Europako Gobernantza Bikaintasunaren Zigilua eskuratu du

Izaro Garcia 2026ko otsailaren 6a

2017an lehenengo aitorpena eskuratu zuen. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak Europako Kontseiluaren Gobernantza Bikaintasunaren Europako Zigilua (ELoGE) eskuratu du bigarrenez, udalaren kudeaketa moduaren kalitatea eta gardentasunarekiko zein parte-hartzearekiko konpromisoa aitortzen dituen nazioarteko bereizgarria. 

Aitorpenaren banaketa Bilbon egin dute, EUDELen egoitzan, eta bertan izan dira Leioako alkatea eta beste hainbat udalerritako ordezkariak. Edizio honetan, Bilbo, Errenteria eta Urretxurekin batera lortu du zigilua Leioak; Tolosak, berriz, gobernantza onaren printzipioekiko konpromisoa berretsi du.

ELoGE zigilua eskuratzeko, udalek beren jardunbidea neurtu eta egiaztatu behar izan dute, Gobernu Onaren hamabi printzipioetan oinarritutako 72 adierazleren bidez. Besteak beste, giza eskubideak, etika publikoa, gardentasuna, herritarren parte-hartzea, segurtasun juridikoa eta epe luzerako plangintza aztertzen dira.

Leioak jada 2017an ere lortu zuen zigilu bera, eta alkatearen esanetan, “sariak udalaren jarduna erreferentziazko eredu gisa finkatzen du” gobernantza onean, kalitate demokratikoan eta erantzukizunean oinarritutako kudeaketa publikoan. Halaber, azpimarratu du tokiko mailatik ere posible dela gobernu-ekintza moderno eta eraginkorra gidatzea, herritarrak politika publikoen erdigunean jarrita.

ELoGE programaren sei edizioetan, Euskadiko 25 udalerrik parte hartu dute, eta 16k lortu dute zigilua. Azken neurketetan, herritarren parte-hartzea eta segurtasun juridikoa izan dira baloraziorik onena jaso duten atalak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun