Dantza Plaza 500en bigarren saioa Lamiakon izango da

Izaro Garcia 2026ko otsailaren 9a

Hitzordua Lamiakoko Juan de Ajuriaguerra plazan izango da, metro-geltokiaren aurrean. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak "Dantza Plaza 500" egitasmoaren bigarren jardunaldia egingo du bariku honetan, otsailaren 13an, udalerriaren 500. urteurrenaren harira antolatutako programazioaren barruan. 

Hitzordua Lamiakoko Juan de Ajuriaguerra plazan izango da, metro-geltokiaren aurrean, 19:00etatik aurrera.

Oraingo saioa Gure Ohiturak Dantza Taldeak dinamizatuko du, eta 45 minutu inguruko iraupena izango du. Jarduera adin guztietako herritarrei dago zabalik, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, ez da beharrezkoa euskal dantzetan aurretiko ezagutzarik izatea, parte-hartzea erraza eta irekia baita.

Gure Ohiturak Dantza Taldeko kideek azaldu dutenez, saio hauek aukera paregabea dira jendeak euskal dantzak bertatik bertara ezagutzeko eta probatzeko. Askok pentsatzen duenaren kontra, dantzak ez dira hain zailak: "dirudiena baino errazagoak dira, eta ikasteko prozesua, gainera, dibertigarria izaten da".

Denbora 45 minutukoa baino ez bada ere, bertaratzen direnek une atsegina pasatzea gura dute, edo "gutxienez hurrengo erromerian dantzatzeko pauso edo dantza berriren bat ikasita joatea".

Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriaren esanetan, "Dantza Plaza aukera bikaina da leioaztarrengana tokiko taldeen lana eta gure kulturaren funtsezko zati diren euskal dantzak hurbiltzeko". Nabarmendu du, halaber, 500. urteurrena ospatzen ari diren urte berezi honetan, ezinbestekoa dela herri-folkloreari balioa ematea.

Dantza Plaza 500 ekimenaren lehen saioa joan den urrian egin zuten Euskal Etxeen plazan, Txikiak Dantza Taldearen gidaritzapean. Egitasmoak jarraipena izango du urtean zehar: maiatzaren 5ean Pinuetako Cervantes plazan, irailaren 18an Artatzan eta urriaren 23an amaierako saio bereziagaz itxiko dute zikloa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun