IZEN EMATEA

Gazteek leku berezia izango dute 2026ko Umore Azokan

Izaro Garcia 2026ko otsailaren 11

Prozesuaren emaitza Umore Azoka 2026ren barruan aurkeztuko da jendaurrean.

Leioak gazteei hitza eta agertokia eman gura dizkie, eta hortik sortu da Lei(h)oa Ona egitasmoa; hau da, sormen partekatuaren bidez herria bera pentsatu, kontatu eta irudikatzeko gazteentzako gonbidapena. 

Proiektuak Umore Azoka 2026 du helmuga, baina bidea bera izango da garrantzitsuena talde-lana, esperientziak partekatzea eta artearen bidez etorkizuna irudikatzea izango baitute zeregin moduan.

Leioako Udalak jarri du martxan ekimena, La Chivata Teatro konpainiagaz batera, eta 15 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek hainbat hilabetetan zehar tailer eta sormen-saioetan murgilduko dira, euren istorioak aletu, herrian bizitakoa aztertu eta nolako Leioa gura duten irudikatzeko. Antolatzaileek nabarmendu dute ez dela ikastaro itxi bat, baizik eta elkarregaz espazio irekia sortzeko aukera baizik, gazteen begirada ardatz duena.

Prozesuaren emaitza Umore Azoka 2026ren barruan aurkeztuko da jendaurrean.

Era berean, egutegia gazteen erritmora egokitzeko pentsatuta dago: otsailean, martxoan eta apirilean asteburu bateko saioak egingo dituzte hilero, eta maiatzean aste intentsibo bategaz borobilduko dute lana. Bidean, La Chivata Teatroko sortzaileek euren laguntza eskainiko dute une oro, sorkuntza komunitarioan eta gazteekaz egindako proiektuetan duten esperientzia ekarriz.

Gura izatekotan, izena emateko epea zabalik dago otsailaren 18ra arte. Horretarako online formularioa bete beharko da, eta informazio gehiago eskuratu daiteke lachivatateatro@gmail.com helbide elektronikoaren bidez edo 685 780 941 telefonora WhatsApp bat bidalita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun