Ibilbidea Nerbioi itsasadarraren ertzetik egingo da, Areeta eta Lamiako arteko mugatik abiatuta, eta adin guztietako herritarrei zuzenduta dago. Parte hartu ahal izateko, aurretik izena eman behar da.
Egun horretan 12 saio eskainiko dira guztira, bakoitza 40 minutu inguruko luzeragaz: sei goizen (11:00etatik 13:30era) eta beste sei arrastiz (17:00etatik 19:30era). Taldeak gehienez 25 lagunekoak izango dira, eta azalpenak haririk gabeko entzungailuen bidez jarraitu ahal izango dira.
Ibilbide historikoak itsasadarrak Leioaren garapen ekonomiko, sozial eta kulturalean bost mendez izan duen garrantzia izango du ardatz. Geldialdi ezberdinak egingo dira bidean, eta parte-hartzaileek behaketa eta sormen ariketa labur bat ere egingo dute, ibilbidean jasotako datuetatik abiatuta.
Bisitan zehar "Denboraren Optikoak" izeneko pertsonaiek gidatuko dituzte taldeak; hau da, udalerriaren 500. urteurreneko programarako bereziki sortutako pertsonaiak.
Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriaren arabera, itsasadarrak "funtsezko eginkizuna" izan du Leioaren bilakaeran, jarduera industriala zein komertziala bultzatuz eta, aldi berean, aisialdirako balio handiko gune natural bihurtuz.
Izen ematea
Parte hartu gura dutenek 500urte@leioa.eus helbidera idatzi behar izango dute otsailaren 25a baino lehen, pertsona kopurua eta ordutegia zehaztuta. Kontuan izan plaza kopurua mugatua dela.