Leioa Waterpolok Valliranan jasotako irain matxistak salatu ditu

Izaro Garcia 2026ko otsailaren 13a

Leioa Waterpolok epaileen zein delegatu federatiboaren jarduna berrikustea eskatu du.

Leioa Waterpolok Valliranan bizitakoa salatu du, jokalariek “entzunak, babestuak edo errespetatuak” izatearen sentsaziorik izan ez zutela nabarmenduta.

Klubak azaldu duenaren arabera, neurketan zehar harmailetatik "oihu matxista eta iraingarriak" entzun ziren. Gainera, Leioa WP-k azpimarratu du harmailetako kokapenak egoera larritu zuela, jokalarien bankuaren gainean baitzeuden, eta horrek hitzezko erasoak  "jarraituak eta agerikoak" izatea eragin zuen.

Taldeak epaileen eta delegatu federatiboaren jarduna ere gogor kritikatu du. Izan ere, hirugarren zatian tentsioa areagotu zen eta jokalari batzuk harmailetara zuzendu behar izan ziren. Egoera horretan, Leioa WP-k epaile batek jokalari bati modu intimidatzailean hitz egin ziola dio, "begira iezadazu aurpegira hitz egiten dizudanean, edo hau azkartxo amaituko dut." esanez.

Klubaren esanetan, neurri bakarra ikusleetako pertsona bat kanporatzen saiatzeko egin zen, baina azkenean pertsona hori harmailetan geratu zen partida amaitu arte. Ondoren, laugarren zatian, epaileek bankuko jokalari guztiak kanporatzeko mehatxua egin zutela ere salatu dute.

Neurketa amaitutakoan, kapitaina eta ordezko atezaina mahaira hurbildu ziren gertatutakoa aktan jasotzeko asmoz. Leioa WP-ren arabera, delegatu federatiboak uko egin zion, "nik esaten dudalako eta punto" erantzunez. Klubak jarrera hori "arbitrario eta autoritarioa" dela adierazi du.

Leioa Waterpolok gertakariak "oso larritzat" jo ditu eta epaileen zein delegatu federatiboaren jarduna berrikustea eskatu du, baita halako egoerak berriro ez gertatzeko neurriak hartzea ere. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun