Programak film proiekzioak, hitzaldiak, solasaldiak, kirol jarduerak eta erakusketa bat bilduko ditu, Kultur Leioan eta Sakonetako kiroldegian, besteak beste.
Mendi Tour zirkuituak, nazioarteko Mendi Film jaialdiko lan nabarmenen aukeraketa, bi proiekzio saio eskainiko ditu Kultur Leioako auditorioan, otsailaren 25ean eta 26an, 19:00etan. Guztira zazpi film emango dituzte, eskalada, alpinismoa, espeleologia eta abentura-kirolak ardatz dituztenak. Lan horietako lau Uribe Kostako zinemagileenak dira: Jon Herranz eta Alfonso Garcia "Txontxo" (Getxo), Jon Mendizabal (Sopela) eta Iñigo Lamana (Urduliz).
Filmak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekaz. Sarrerek 3 euro balio dute saio bakoitzeko, eta bi egunetarako bonua 5 eurokoa da. Kultur Leioako leihatilan, webgunean eta Kutxabanken salmenta-kanaletan eros daitezke.
Mendi Astearen barruan, hainbat hitzaldi eta topaketa ere antolatu dituzte, guztiak 19:00etan hasita. Egitarauan izango dira, besteak beste, Ipar Martxari buruzko saioa, Aritz Aparicio "Aricio" eskalatzailearen hitzaldia, Lur Urribarrenen Himalaiari buruzko dokumentala zein solasaldia, eta Patxi Usobiagaren ibilbideari buruzko proiekzioa eta elkarrizketa.
Martxoaren 5ean, Sakonetako kiroldegian, Climbing Girl Party jardunaldiaren 14. edizioa egingo dute, mendiko kiroletan emakumeen parte-hartzea sustatzeko. Jarduera doakoa izango da, eta izena egunean bertan eman ahal izango da.
Bestalde, egitarauaren osagarri, "Yhabril, 10 años de luz, montaña y acción" argazki erakusketa ikusgai dago Kultur Leioan otsailaren 13tik martxoaren 15era, mendia eta abentura-kirolak ardatz dituen hamar urteko lanaren bildumagaz.