Apirilaren 7tik 10era, Leioako Gaztegunea ikaskuntzarako, sormenerako eta elkargunerako espazio bihurtuko da, talentua, esperimentazioa eta aisialdi hezitzailea sustatzeko jarduerakaz.
Aurtengo eskaintzak teknologia, diseinua, artisautza eta gastronomia uztartuko ditu, esperientzia praktiko eta parte-hartzaileak eskainiz. Besteak beste, 3D LAB!: Diseinatu eta sortu jarduera egingo dute apirilaren 7an eta 9an, 11:00etatik 13:00etara, hiru dimentsioko ereduak sortzen ikasteko. Halaber, apirilaren 7an, 17:00etatik 19:00etara, Egizu xaboia! tailerrean parte-hartzaileek euren xaboia pertsonalizatu ahal izango dute kolore, ehundura eta usain desberdinak erabiliz.

Sukaldaritzak ere bere tartea izango du: apirilaren 8an, 11:00etatik 13:00etara, Betiko zaporeak saioan errezeta tradizionalak eta teknika klasikoak landuko dituzte; eta apirilaren 10ean, 11:00etatik 13:00etara, Sormenezko zaporeak jardueran, berrikuntza gastronomikoan murgiltzeko aukera izango da, teknika moderno eta zapore berriekaz. Bestalde, apirilaren 9an, 17:00etatik 19:00etara, Zapatilla kustomizatuak ekimenak stencil, pintura eta ehunak pertsonalizatzeko teknikak erabiliz norberaren zapatilak diseinatzera gonbidatuko ditu gazteak.
Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina plazak mugatuak direnez, aldez aurretik izena eman beharko da martxoaren 5a baino lehen, gaztegunedigitala.blogspot.com webgunearen bidez.
12-17 urtekoentzako tailer bereziak
Udalak, gainera, 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako eskulan eta sukaldaritza tailer osagarriak prestatu ditu. Apirilaren 10ean (17:00-19:00), Pomadak martxan jardueran pomadak egiten ikasiko aukera izango dute; apirilaren 11n (17:00-18:30), katiluak margotzeko tailerra egingo da; eta apirilaren 12an (17:00-18:30), palmondoak prestatzen ikasiko dute.