Aurtengo programazioaren ardatz nagusia "Leioako Ahotsak" egitasmoa izango da. Antzerki, arte eta komunitate proiektu honek historian ikusezin bihurtu diren emakumeen lana eta ekarpena aitortu gura ditu, udalerriaren bost mendeko ibilbidean.
Martxoaren 7an, Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan, Elexaldeko Errotan zortzi emanaldi egingo dira (11:00etatik 19:00etara, orduro). 20 lagunentzako saioak izango dira, eta aurrez izena eman beharko da. Aquilina de la Torre jostuna, Domin Aurrekoetxea maistra edo Eugeni Oleaga ile-apaintzaileari omenaldia egingo diete, besteak beste. 20:00etako errezitaldi poetiko kolektibo batek amaiera emango dio egunari.
Ongizate emozionala, erdigunean
Martxoaren 12an, 19:00etan, ANDRAK elkartearen egoitzan, emakumeen ongizate emozionalari buruzko hitzaldia izango da, Yolanda Charte psikologoaren eskutik. Familia-terapian eta trauman aditua den profesionalak baliabide praktikoak eskainiko ditu osasun mentala zaintzeko.
Kaleak, aldarrikapen gune
Martxoaren 6an, Leioako ikastetxeetako ikasleek elkarretaratzea egingo dute Bidebarriko bulebarrean, eta eurek sortutako abestia aurkeztuko dute. Arrastian, LAKET Jabekuntza Eskolak "Tupper Sex Feminista" tailerra antolatu du, eta gauean, Kultur Leioako auditoriumean, La Chivata Teatroren "Yo soy azul" antzezlana taularatuko da.
Martxoaren 8an bertan, VII. Emakumeen Martxak 3km-ko ibilbidea egingo du Bidebarriko bulebarretatik abiatuta. Parte-hartzea irekia izango da, helburua "kaleak partekatu eta emakumeen eskubideen aldeko borroka historikoa gogoratzea" izanik. Martxa hasi aurretik, herritarren elkarretaratzea egingo da.
Erakusketak auzoz auzo
Egitaraua hainbat erakusketakaz osatuko da; izan ere, "Emakumeak bidea irekitzen" erakusketa interaktiboa Gaztegunean egongo da martxoaren 2tik 8ra arte, Kultur Leioako liburutegiak, ordea, genero-berdintasunari eta emakumeen jabekuntzari buruzko liburu erakusketa hartuko du.
Bestalde, "Eta zergatik daukazue zuek egun bat?" erakusketa ibiltariak galdera horren atzean dauden arrazoiez hausnartzera gonbidatuko ditu herritarrak. Martxoaren 6tik 26ra bitartean, Bidebarri, Lamiako, Pinueta, San Bartolome eta Bidekurtzio plazan ibiliko da.