Osoko Bilkurak onartu duenez, etxebizitza hutsentzat ezarritako errekargua %50etik %150era igoko da. Udal gobernuaren arabera, neurriaren xedea ez da diru-bilketa handitzea, gaur egun erabilerarik gabe dauden etxebizitzak alokairu-merkatura bideratzea eta eskaintza handitzea baizik.
Hala ere, errekargua ez zaie kasu jakin batzuei aplikatuko: mendekotasun-egoeragatik beste etxebizitza batera lekualdatu diren titularrei; bizigaitzat jotako etxebizitzei; eta lan edo prestakuntza arrazoiengatik aldi baterako hutsik daudenei.
%99ko hobaria alokairu publikora bideratzen direnentzat
Bestalde, Udalak OHZren %99rainoko hobaria ezarri du etxebizitza alokairu-programa publikoetara lagatzen duten jabeentzat, hala nola Bizigune eta ASAP programetara bideratzen dituztenentzat.
Neurriaren helburua etxebizitza hutsak alokairu babestura eramatea eta prezioen igoerari eustea da. Hobari horietatik kanpo geratuko dira, ordea, edukitzaile handiak: hamar etxebizitza edo gehiago (garaje eta trastelekuak kontuan hartu gabe) dituztenak, edo 1.500 metro koadro baino gehiagoko bizitegi-ondasunak metatzen dituztenak.
2026ko aurrekontuetan jasotako neurriak
Erabaki hau 2026ko udal aurrekontuetan aurreikusitako beste ekimen batzuekaz osatuko da. Besteak beste, alokairu publikoetara etxebizitzak lagatzen dituzten jabeentzako dirulaguntzak aurreikusi dira, baita gutxienez urtebetez merkatu-prezioaren azpitik alokairuak egiten dituztenentzat laguntza-lerro berri bat ere.
Horrez gain, Udalak konpromisoa hartu du udalerrian hutsik dauden etxebizitzen egoeraren azterketa eguneratua egiteko, etxebizitza-politikak datu zehatzetan oinarritu ahal izateko.