Leioaren eboluzioa argazkien bidez, metro geltokian

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 3a

Leioak 500. urteurrenaren ospakizunen barruan argazki-erakusketa jarri du ikusgai metroan. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak 500. urteurrenaren ospakizunen barruan argazki-erakusketa jarri du ikusgai Leioako Metro geltokian, herriaren azken mendeetako bilakaera erakusteko. 

Erakusketa 44 argazkik osatzen dute eta bi atal nagusi ditu: "Orainari Begirada", gaur egungo Leioa eta bertako bizitza erakusten duten 26 irudik osatua, eta "Iraganari Begirada", XX. mendeko Leioa jasotzen duten 12 argazkik osatua.

Sei panel nagusi ikus daitezke txartelak balioztatzeko makinen ondoan, eta trenbiderantz tamaina handiko beste sei argazki ere daude, pertsonak protagonista dituztenak. Orainari Begirada argazki-bildumak koralak, herriko jaiak, parkeak eta eraikinak erakusten ditu. Horregaz gainera, hiru leiho betetzen dituzten panelek Leioaren bizitza anitza eta dinamikoa islatzen dute.

Udalaren esanetan, erakusketa atzera begiratzeko eta Leioaren jatorria zein sustraiak gogora ekartzeko gonbidapena da, betiere gaur egungo ikuspegia mantenduz. Gainera, urriaren 1etik azaroaren 9ra Metro geltokiak hirugarren erakusketa jasoko du, "Leioa Ikusezina" izenekoa, geltokiko goiko pasabideko leihate guztiak hartuko dituena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun