Elkarrizketak

Maddi Kanpo: "Korrika guztion iñurri-lanari esker egiten da"

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 5a

Maddi Kanpo Korrikaren furgonetan joango da aurten ere.

Maddi Kanpo Leioako AEK Lamia euskaltegiko irakaslea da, baina bi urterik behin, klaseak albo batera utzi eta Korrikako furgonetara igotzen da. Bera euskararen aldeko ekimenaren antolaketa-prozesu guztiaren "piezatxo bat" besterik ez dela azpimarratu arren, Korrika odolean daramala esan daiteke, izan ere, Joseba Kanpo bere aita sortzaileetako bat izan zen, eta amarengandik ere jaso zuen antolatzeko inurri-lan hori.

Nolakoa da Korrikako furgonetan zoaztenon lana?

Gogorra, baina aldi berean oso polita da. 14 orduko txandak egiten ditugu bi taldetan banatuta: 14 ordu lan eta beste 14 atseden. Atsedenerako ordu horietan lo egiteko eta bidaiatzeko denbora ere sartzen da. Eguraldiak asko baldintzatzen du gure lana, ez delako gauza bera hotza eta euriarekin egitea edo eguraldia lagun izatea.

Zer da zuretzat Korrikak duen politena?

Egunsentiak, elurretan dagoenean jendeak furgoneta bultzatu behar duenean, jendearen inplikazioa... Momentu horiek epika bat ematen diote Korrikari. Ez daukat hitzik hori nola bizi dudan deskribatzeko, baina ematen didan hori egin nahi dudan zerbait dela sentitzen dut. Jendeak bere herrian Korrikan parte hartzen du, baina gero bere etxeetara doaz dutxa bat hartzera; aldiz, guk hor jarraitzen dugu hainbat orduz, hotzarekin edo nekearekin, baina nik pribilegio bat bezala ikusten dut Korrika horrela bizitzea.

Oso ederra da pertsona nagusiei Korrikan parte hartzean aurpegia nola alaitzen zaien ikustea. Korrikan pertsona oso desberdinek parte hartzen dute eta haiena bezala sentitzen dute, hori ere oso polita da, denek nahi baitute epika horren parte izan. Astearte batean, goizeko 04:00etan lekukoa irribarre batekin hartuko duen jendea egotea ere oso polita da.

"Doktoretza-tesi batek azaldu zuen Korrikak ez duela emozio txarrik eragiten jendearengan. Ez dut munduan ezer ezagutzen soilik emozio positiboak eragiten dituenik. Tesi horrek Korrikan parte hartu eta berehala zuen eragina neurtzen zuen, baita hiru astetara zer gertatzen zen ere, eta ikusi zen eragina ez zela hainbeste apaltzen, eragin positiboakhor jarraitzen zuela".

Nola deskribatuko zenuke furgonetan zoaztenon lana?

Gure misioa Korrika bera zein lekukoa zaintzea eta horiek heldu behar diren lekura heltzea bermatzea da. Horrez gain, «bitakora» deitzen diogun denboralizazio bat ere daukagu, horrek adierazten digu minutu eta segundo bakoitzean non egon behar garen. Bi furgonetetan joaten gara, bakoitza gidari batekin, kopilotu batekin eta dena ondo joateaz arduratzen diren beste hiru edo lau pertsonekin; pankarta jartzeaz, argazkiak ateratzeaz, musika jartzeaz edo mikrofonotik hitz egiteaz arduratzen dira. Guztira, 11 pertsona gaude txanda bakoitzean. Baina horiez gain, badago sare erraldoi bat herriz herri laguntzen gaituena, eta, besteak beste, furgoneten mantenu-lanez arduratzen dena. Adibidez, furgoneta denbora osoa ari da klaxona jotzen, baina hori bukatu egiten da. Horrelako gauzez arduratzen dira beraiek.

Hala ere, gutaz gain, AEK-ko kide guztiak eta herriz herri sortzen diren batzordeak dira Korrika aurrera eramaten dutenak, hau guztion proiektua da, inurri-lan horri esker ateratzen da aurrera.

Furgoneta barrutik nola bizi duzue herrietara heltzean lekukoaren atzean jendetza pilatzen denean?

Ohitu egiten gara, bestela denbora guztia egongo ginateke hodeietan, eta ezinezkoa izango litzateke bizirautea. Niretzat oso une polita da ikusten dugulako herri bakoitzak eta pertsona bakoitzak Korrika maitasun guztiarekin hartzen duela, eta hori beti errepikatzen da, Oionen, Garesen, Baigorrin… Korrikak Euskal Herria zeharkatzen duen bezala, gu ere zeharkatzen gaitu.

Pasadizoren bat?

Asko eta asko daude. Behin, aldapa gora batean, gure furgonetaren aurretik eskualdekoa zihoan, baina momentu batean gelditu
egin zen. Orduan, mikrofonotik laguntza eskatu genuen, baina jendea gure furgoneta hasi zen bultzatzen; elurretan furgoneta bultzatu zuteneko irudia errepikatu nahi zuten nonbait. Kontua da arazoa aurreko furgonetak zuela, ez gureak, baina jendea gurea hasi zen bultzatzen guk bestea zela oihukatzen genien bitartean. Askotan gertatu zaigu baita gurasoek ezin dutela umeen atzetik jarraitu eta bakarrik geratzen direla. Orduan, furgonetara igo behar ditugu eta mikrotik gurasoren bat dagoen galdetu behar izaten dugu.

Korrikaren parekorik ez dago beste inon; hizkuntza baten alde egiten den horrelako ekintza kolektibo bakarra da. Zure ustez zergatik da Korrika hain garrantzitsua euskararentzat?

Korrikak euskarari guardasola bat ematen dio. Euskararen aldeko borrokarako mugimendu itzela da. Batzuetan, Korrikak bestelako kontuetan jartzen du fokua: aurrekoan Azterketak Euskaraz izan zen, aurten, Errigora izango da. Duela gutxi, doktoretza-tesi batek azaldu zuen Korrikak ez duela emozio txarrik eragiten jendearengan. Ez dut munduan ezer ezagutzen soilik emozio positiboak eragiten dituenik. Agian AEK-kideoi estresa eragingo digu, baina kanpotik bizi dutenei soilik aldagai positiboak eragiten dizkie. Tesi horrek Korrikan parte hartu eta berehala zuen eragina neurtzen zuen, baita hiru astera zer gertatzen zen ere, eta ikusi zen eragina ez zela hainbeste apaltzen, eragin positiboak hor jarraitzen zuela, hain zuzen. Emozio horien batez bestekoa 8 bat zen. Munduan ez dago horrelako ezer, kirolak, adibidez, ez du horrelakorik eragiten jendearengan.

Hala ere, 46 urte igaro dira lehen Korrika egin zenetik, eta hasierako aldarrikapen horiek ez dira hainbeste aldatu. 1980an, Korrikaren dekalogo bat egin zen eta gaur egungoak oso antzekoa izaten jarraitzen du. Zer pentsatu asko ematen du horrek.

Lehen Korrika horren antzean zure aita ere egon zen. Zein da horren istorioa?

Aita, Joseba Kanpo, Korrikako sortzaileetako bat izan zen. Bera AEK-kidea zen eta dirua lortzeko helburuarekin, hainbat hilabetez nondik jo jakin gabe lanean aritu eta gero, Bilboko Club Deportivok egiten duen karrera modukoa egitea pentsatu zuten. Euskal Herri osoa zeharkatuko zuen lekuko batekin lasterketa egitea pentsatu zuten. Ideia utopiko hori amonari azaldu zionean, «Joseba bazabiz zu zure txakur-ametsekaz», esan zion. Orain, udaberrian egiten zen, baina hasieran azaroan egiten zen, eta ez zeuden gaur egun ditugun baliabideak, ezta inondik inora.

Beraz, zuk etxean txikitatik jaso duzu Korrika?

Bai nire nebak, bai nik zilbor-hestetik jaso dugu transmisio hori. Gure aita sortzaileetako bat izan zen, baina benetako antolatze-lana Lourdes Artetxe amarengandik jaso genuen. Bera AEK-n lanean egon zen eta berak ekarri digu Korrika benetan zer den. Aitak ideia zoro zorgarri hori eman zigun, baina amarekin inurri-lana ikusi genuen, beraz harrotasuna sentitzen dugu alde bietatik.

Zure gurasoen lekukoa hartu duzu zuk beraz?

Bai, familiatik jaso dudan transmisio horrekin jarraitu dut, eta, bereiziki orain, AEK-ko kidea naizela atxikimendu hori areagotu egin da. Nik baino lehen, Korrikaren lekuko hori Lourdes Artetxe eta Irune Etxeberriak bezalako AEK-kideek hartu zuten, eta beraiengandik Iratxe Martara edo Igor Elordira pasatu zen eta egun Ander Etxanizek, Zuriñe Murgiak eta beste hainbat pertsona polit ari gara horrekin lanean. Hala ere, Korrika posible da Euskal Herrian lanean ari garen AEK-kide guztioi esker, bakoitzak bere herritik eta euskaltegitik egiten dugun inurri-lan horri esker.

Prestaketan buru-belarri ibiliko zara daborduko. Urduri zaude?

Hau nire hirugarren Korrika da. Lehen Korrikan oso urduri egon nintzen, baina orain urduritasuna baino gehiago grina da. Furgonetan goazen bakoitzak Korrika eta euskara sentitzeko gure modua daukagu; bakoitzak bere gauzak ditu, bere motxila, baina badago denok batzen gaituen multiplo komun bat eta horrekin aurrera egiten dugu Korrika eta lekukoa bere helmugara eramateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun