Lehiaketa herritar guztiei irekita dago, adin mugarik eta bizileku baldintzarik gabe. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu, betiere jatorrizkoak, argitaragabeak eta aurretik saritu gabeak badira. Teknika librea izango da, baina kartelak ezin izango dira adimen artifizialaren bidez sortuak izan, eta Leioako jaien elementu identifikagarriren bat jaso beharko dute.
Lanak apirilaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira Kultur Leioan. Kartel guztiek "LEIOA" eta "SAN JUAN JAIAK 2026" testuak izan beharko dituzte, eta egilearen identifikaziorik gabe entregatu beharko dira, hautaketa prozesuaren inpartzialtasuna bermatzeko.
Behin epea amaituta, artearen, diseinuaren eta komunikazioaren arloko profesionalek osatutako epaimahai batek bost kartel finalistak aukeratuko ditu, apirilaren 28an jakinaraziko direnak. Ondoren, herri bozketaren txanda izango da: apirilaren 29tik maiatzaren 6ra bitartean, leioaztarrek gustukoen dituzten proposamenak bozkatu ahal izango dituzte, online edo aurrez aurre egingo den erakusketan.
Kartel irabazlea maiatzaren 10ean, 19:00etan, iragarriko da, eta egileak 800 euroko saria jasoko du. Gainera, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak Kultur Leioan ikusgai egongo dira ekainaren 11ra arte.