500. urteurrenaren programazioaren barruan garatutako ekimenak antzerkia erabili du historian inbisibilizatutako emakumeen lana eta gizarteari egindako ekarpena aitortzeko.
Proiektuaren ardatza azken asteotan lanean jardun duen emakume taldea izan da. Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan, zortzi saio artistiko eskaini dituzte, 3 eta 5 minutu artekoak, historian zehar emakume askok bizi izandako testuinguruak publikoari helarazteko.
Ekimenaren bidez, omenaldia egin diete Leioako emakume anonimoei eta, bereziki, parte-hartzaileek zein Andrak Leioako Emakumeen Elkarteak erreferentetzat hautatutako bost emakumeri: Aquilina de la Torre jostunari, Domin Aurrekoetxea irakasleari, Eugeni Oleaga ile-apaintzaileari, Apolonia Uriarte sendatzaileari eta Madalen Andres estankariari.
Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkatearen hitzetan, "historia ofizialek gizartearen zati baten kontakizunak jasotzen dituzte, baina emakume asko atzean geratzen dira, egunero-egunero gure herria aurrera ateratzen lagundu duten arren". Haren esanetan, Leioako Ahotsak proiektuaren bidez "emakume anonimo horiei ahotsa eman, haiei buruz ikasi eta haien garrantzia aitortu" gura izan dute.
Jardunaldia amaitzeko, errezitaldi poetiko kolektiboa egin dute Elexaldeko Errotako anfiteatroan.