"Leioa pausoz pauso" bisita gidatuen programa martxotik urrira itzuliko da

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 9a

Ondizko Santa Maria baseliza, artxiboko irudian.

Leioako Udalak berriro abiaraziko du "Leioa pausoz pauso" bisita gidatuen programa, martxotik urrira bitartean udalerriko ondare historikoa, kulturala eta naturala ezagutarazteko. 

Egitasmoaren bidez, hilean domeka batean ibilbideak egingo dituzte, eta parte-hartzaileek Leioako hainbat txoko ezagutzeko aukera izango dute, gidari baten laguntzaz.

Programak bost ibilbide bilduko ditu aurten: Leioako altxorrak, Zientzia naturan, Itsasadarrera begira, Baserri eta monumentuen artean eta Errotetatik jauregietara. Ibilbide bakoitza bitan eskainiko dute, martxoaren 22tik urriaren 4ra bitartean, eta saio guztiek bi ordu inguruko iraupena izango dute. Taldeak, gainera, 25 lagunera mugatuko dituzte.

Leioaztarrek ez ezik, udalerria bisitatzen dutenek ere parte hartu ahal izango dute ekimenean. Ibilbideen bidez, besteak beste, Pinosolo, Artazako Jauregia, Ondiz eta Santsoenako baserri-eremuak edo Mendibile Jauregia ezagutzeko aukera izango dute, Leioako historiaren, paisaiaren eta bilakaeraren inguruko azalpenakaz batera.

Izen-ematea ekobideak@gmail.com helbidearen bidez edo 666 85 77 61 telefono zenbakira deituta egin ahal izango da.

Ibili ondoren, mokadua

Egitasmoak aurten ere osagai gastronomikoa izango du. Ibilbidearen egunean, parte-hartzaileek txartel bat jasoko dute, eta horri esker Bizkaiko Txakolina edo muztioa zein gilda bat eskuratu ahal izango dituzte Leioako ekimenean parte hartzen duten taberna eta jatetxeetan, 3,50 euroren truke. Txartela hilabeteko epean erabili ahal izango da.

Hori horrela, tokiko jarduera, gastronomia eta turismoa sustatzea da helburua. Horretarako, Leioako Merkatari Elkartearen laguntza ere izango du, txartelen kudeaketa eta ekimenaren koordinazioa errazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun