Haurren Aurrekontu Irekiak (HAI-PAI) programaren bidez, 5 eta 15 urte bitarteko haur eta nerabeek Leioa hobetzeko proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, eta Udalak 200.000 euro gordeko ditu bideragarriak diren eta babes handiena lortzen duten ideiak gauzatzeko.
Ekimenak Leioan bizi edo ikasten duten haur eta gazteei eman gura die hitza, udalerriko espazioak, zerbitzuak edo aisialdirako aukerak hobetzeko ideiak zuzenean proposa ditzaten. Proposamenak apirilaren 3ra arte aurkeztu ahal izango dira, bai paperean, bai modu telematikoan. Horretarako, herrian bizi diren adingabeek gutun bana jasoko dute etxean, eta behin beteta, udalerriko hainbat puntutan jarriko diren hautetsontzietan utzi ahal izango dute. Online parte hartzeko aukera ere egongo da.
Proposamenak jasotakoan, Udalak eta zerbitzu teknikoek aztertuko dute zeintzuk diren bideragarriak. Ondoren, maiatzaren 25etik ekainaren 5era bitartean egingo den bozketan, haur eta nerabeek eurek aukeratu ahal izango dituzte gustukoen dituzten ideiak. Babes gehien jasotzen duten proposamenak 2026ko udal aurrekontuetan txertatuko dituzte.
Leioako Umeen Kontseiluak sustatutako egitasmo honek haurrek eta nerabeek ere herriaren etorkizunean zer esan badutela erakustea du helburu.