Lanak aurkezteko epea apirilaren 10era arte egongo da zabalik eta parte hartu gura dutenek kontakizunak Kultur Leioan aurrez aurre entregatu ahal izango dituzte, edo postaz bidali Jose Ramón Aketxe 11, 48940 Leioa helbidera. Postaz bidaltzen diren lanek, hori bai, apirilaren 10eko zigilu-data izan beharko dute gehienez.
Oinarriei dagokienez, parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi kontakizun aurkeztu ahal izango ditu, euskaraz edo gaztelaniaz, eta gehienez lau folio izango dituzte, alde bakarretik idatzita. Testuek originalak, argitaragabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute. Udalak, gainera, argi utzi du adimen artifiziala erabiltzea guztiz debekatuta dagoela, eta lana egilearen sorkuntza propioa izan behar da.
Epaimahaiaren aurrean anonimo mantentzeko, kontakizunak hiru aletan aurkeztu beharko dira eta testuan izenburua edo goitizena baino ez da agertu behar. Egilearen datuak (izen-abizenak, helbidea, adina, telefonoa, e-posta eta adierazpen bat) beste orri edo gutun-azal batean sartu beharko dira.
Lehiaketak lau adin-kategoria ezartzen ditu (25 urtera arte; 26-45 urte bitartean; 46-65 urte bitartean; eta 66 urtetik gora), eta kategoria bakoitzean bi sari banatuko dira: lehenak 250 euro, garaikurra eta diploma jasoko ditu, eta bigarrenak 125 euro, garaikurra eta diploma. Sari-banaketa ekainaren 5ean, barikuan, 18:30ean egingo da, Kultur Leioan.