Leioako Udalak herriko talde eta proiektuei dei egin die parte har dezaten; izena emateko epea martxoaren 21ean zabalduko da, eta apirilaren 12ra arte egongo da zabalik. Finalistak maiatzaren 4an iragarriko dituzte.
Aukeratutako hiru taldeek San Juan jaietan joko dute zuzenean, eta emanaldi horren ondoren epaimahaiak erabakiko du zein izango den sailkapena. Irabazleak 700 euro jasoko ditu; bigarrenak, 500; eta hirugarrenak, 300.
Lehiaketa Leioagaz lotura duten era guztietako musika talde zein proiektuei zabalik dago. Lotura hori taldearen jatorriagatik, taldekideren baten bizilekuagatik edo herrian egiten duten jardueragatik izan daiteke. Parte hartu gura dutenek abesti original baten maketa bidali beharko dute, taldearen datuakaz batera (izena, harremanetarako pertsona, telefonoa eta posta elektronikoa), 500urte@leioa.eus helbidera.
Jasotako proposamen guztiak epaimahai espezializatu batek aztertuko ditu, eta hark erabakiko ditu bai hiru finalistak, bai azken sailkapena. Udalak jakinarazi du lehiaketaren oinarri osoak datozen egunetan argitaratuko dituela.