Leioak 45 konpainia eta 27 agertoki bilduko ditu Umore Azokaren XXVI. edizioan

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 13a

Aurtengo programazioan 45 konpainia profesionalek hartuko dute parte.

Leioa berriro ere kaleko arteen epizentro bihurtuko da maiatzaren 14tik 17ra bitartean; izan ere, Umore Azokak bere XXVI. edizioa ospatuko du aurten, eta lau egunez udalerriko kaleak zein plazak antzerki, zirku, dantza eta musikaz beteko dira.

Aurtengo programazioan 45 konpainia profesionalek hartuko dute parte, Euskaditik ez ezik Estatuko beste lurralde batzuetatik eta nazioarteko hainbat puntutatik etorritakoek ere. Antolatzaileen arabera, eskaintzak kaleko antzerkia, zirku garaikidea, dantza, musika eta diziplina anitzeko ikuskizunak bilduko ditu, publiko zabalari zein urtero azokara hurbiltzen diren sektoreko profesionalei begira.

Emanaldiak Leioako hainbat gunetan banatuko dira. Guztira 27 agertoki egongo dira, 16 eszenatoki-gunetan banatuta, besteak beste Errota inguruan, Errekalde aldean, Boulevarden, Sabino Arana plazan, Udondo bulebarrean, Aldapa auditorioan edo San Juan Bautista inguruan. Horrez gain, bi ikuskizun ibiltarik udalerriko kaleak zeharkatuko dituzte, jaialdiaren izaera kaletarra indartuz eta arte eszenikoak zuzenean herritarrengana eramanez.

Edizio irisgarriagoa

Aurtengo edizioak irisgarritasunean ere jarri du arreta. Agertoki-gune guztiek aniztasuna duten pertsonentzat erreserbatutako guneak izango dituzte, behar bezala seinaleztatuta. Gainera, familia eta haurrentzako emanaldietan soinu-inhibitzaileak diren kaskoak eskainiko dira, zaratarekiko sentikortasun berezia duten haurrek ikuskizunez modu egokituago batean gozatu ahal izan dezaten.

Profesionalen topagunea

Umore Azoka ez da soilik publikoarentzako ikuskizunen erakusleiho bat; sektoreko profesionalentzat ere topagune garrantzitsua da. Konpainiek, programatzaileek eta kultur arloko eragileek bertan elkartzeko, harremanak sendotzeko eta proiektuak partekatzeko aukera izaten dute. Aurten azokan parte hartu gura duten profesionalek martxoaren 16tik aurrera eman ahal izango dute izena jaialdiaren webgune ofizialean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun