Leioak gazteentzako doako jarduera-programa berria prestatu du udaberrirako

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 16a

Leioako Udalak 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduera-programazio berria antolatu du.

Leioako Udalak 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduera-programazio berria antolatu du apirila, maiatza eta ekaina bitartean garatzeko. 

Eskaintza Aterpe Leioa Gaztegunean eta udal Gaztelekuan egingo da, eta prestakuntza, tailer praktikoak eta orientazio-zerbitzuak bilduko ditu, gazteen parte-hartzea eta aisialdi hezitzailea sustatzeko.

Programazioaren barruan, Gazteguneak hainbat proposamen nabarmen eskainiko ditu datozen hilabeteetan. Horien artean daude "Munduko sukaldaritzak" zikloko gastronomia-tailerrak, elikagaien manipulazioari buruzko 6 orduko ikastaro homologatua eta lehen sorospenetako 8 orduko prestakuntza homologatua. Gainera, gazteei laguntzeko aholkularitza psikologikoko zerbitzua zein orientazio sexologikoko zerbitzua ere mantenduko dira.

Bestalde, Gaztelekuak 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako aste-akabuetako jarduera-egitaraua izango du. Programazioak jokoak, sukaldaritza-tailerrak, sentsibilizazio-jarduerak eta sormen-proposamenak uztartuko ditu, gazteentzako aisialdi parte-hartzailea eta hezitzailea indartzeko.

Jarduera guztiak doakoak izango dira, plaza kopurua mugatua izan arren. Aterpe Leioa Gaztegunean egingo diren jardueretarako izen-ematea apirilaren 12ra arte egin beharko da ohiko kanalen bidez. Gaztelekuaren kasuan, berriz, izena zerbitzuan bertan eman ahal izango da aurreko aste-akabuetan edo jarduera egunean bertan, plaza librerik balego.

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun