Lehen emanaldia 19:00etan hasiko da, Udondoko bulebarrean, eta musikaren bidez kaleak eta auzoak girotzea izango du helburu, herritarren parte-hartzea sustatuz.
Ekitaldian, hogei bat ahotsez osatutako abesbatza mistoak ibilbide musikala egingo du auzoko tabernetan zehar, geldialdiak eginez eta inguruko kuadrillak nahiz familiak bat egitera gonbidatuz. Zehazki, Txistera, San Juan eta Izarra tabernetan egingo dituzte geldialdiak, eta bertan euskal kantutegi tradizionaleko abesti ezagunak eskainiko dituzte, besteak beste, "Bagare", "Xalbadorren heriotzean", "Loretxoa" eta "Itsasontzi baten".
Kontzertu ibiltariak, gainera, urteurrenerako propio sortutako fikziozko Optiko baten presentzia izango du. Irudi horrek markatuko du ibilbidea eta ekimenera hurbiltzera eta parte hartzera animatuko ditu auzoko familiak zein lagun taldeak. Halaber, antolatzaileek 500. urteurreneko zapiak banatuko dituzte bertaratzen direnen artean.
Lehen emanaldi hau ez da bakarra izango. Udalak iragarri duenez, Udondoko Txikiteroek maiatzean, irailean eta azaroan ere berriro dinamizatuko dituzte Leioako kaleak, hurrengo hitzorduen datak aurrerago jakinaraziko diren arren.