Ausarta Egunak elkartasuna eta babesa batuko ditu Leioan

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 16a

Ausarta Eguna 2025, Lekeition. © ASPANOVAS

Leioak Ausarta Eguna 2026 hartuko du datorren maiatzaren 10ean, Aspanovas elkarteak eta Leioako Udalak elkarlanean antolatutako jardunaldi solidarioan. 

Eguneko ardatz nagusia AUSARTAK I. Martxa Solidarioa izango da, minbizia duten adingabeen errealitatea ikusarazteko eta haien familiei babesa adierazteko helburuagaz.

Martxa 11:00etan abiatuko da eta 3,47 kilometroko ibilbide erraza izango du, adin eta sasoi fisiko guztietako pertsonek parte hartu ahal izateko pentsatua. Ekimenak izaera ludikoa eta ez-lehiakorra izango du; hau da, ez da denborarik hartuko eta ez da sailkapenik ezarriko, helburua kausa solidario baten alde elkarregaz ibiltzea baita.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, izen-ematea dagoeneko zabalik dago parte hartu gura duten guztientzat. Martxan bildutako diru guztia Ausarta Zentroa proiektura bideratuko da; Aspanovas-ek sustatutako osasun integraleko espazio horrek Bizkaiko minbizia duten adingabeei eta haien familiei arreta fisikoa, emozionala eta soziala eskaintzea du helburu.

Martxaz gain, Ausarta Egunak jarduera osagarriak ere izango ditu: haurrentzako tailerrak, proposamen parte-hartzaileak, emanaldiak eta informazio guneak. Ekimen horien bidez, herritarrek Aspanovas-en lana gertutik ezagutzeko aukera izango dute, baita minbizia duten adingabeei eta haien familiei laguntza integrala ematearen garrantziaz jabetzekoa ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun