Kirol jarduerak sustatzeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik dago Leioan

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 18a

Eskabideak martxoaren 30era arte egin ahal izango dira.

Leioak 2026ko ekitaldirako kirol sustapenerako diru-laguntzen deialdia onartu du, udalerriko kirol kluben ohiko jarduera babesteko eta kirolagaz zein jarduera fisikoagaz lotutako udal-intereseko ekitaldien antolaketa sustatzeko helburuagaz.

Eskabideak aurkezteko epea zabalik dago jada, eta 2026ko martxoaren 30era arte egin ahal izango dira. Deialdi honek 150.000 euroko aurrekontu globala izango du, eta 2026an garatzen diren proiektuak lagundu ahal izango dira diruz. Diru-laguntzak norgehiagoka bidez esleituko dira, honako irizpide hauen arabera, besteak beste: federatutako kirolarien parte-hartzea, tokiko herritarren inplikazioa, proiektuaren gizarte-eragina, originaltasuna, euskararen erabilera, genero-ikuspegia eta tokiko kirolaren sustapena.

Deialdiak bi diru-laguntza mota jasoko ditu; alde batetik, Leioako kirol kluben ohiko jarduera laguntzeko; eta bestetik, kirol praktika zein jarduera fisikoa sustatzen duten udal-intereseko ekitaldiak antolatzeko. 

Laguntzak Leioan egoitza edo establezimendu iraunkorra duten eta dagokion erregistroetan inskribatuta dauden erakunde juridikoek eskatu ahal izango dituzte; eta beraz, kanpoan geratuko dira eskolaz kanpoko jarduerak zein hezkuntza-zentroek antolatutakoak. 

Eskabideak Leioako Udalaren webgunearen bidez aurkeztu beharko dira: udaletxean.leioa.eus

Udalerri aktiboena izateko lehian

Apirilaren 15etik aurrera, Leioak Kirolur 2026 Erronkan parte hartuko du, Wellk aplikazioaren bidez antolatutako Bizkaiko udalerrien arteko kirol ligan.

Ekimenaren helburua herritarren artean jarduera fisikoa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzea da, Bizkaia 2026 Europako Kirolaren Lurralde izendatu izanaren testuinguruan. Lehia hiru fasetan garatuko da urtean zehar: apirilaren 15etik maiatzaren 17ra, ekainaren 15etik uztailaren 15era eta irailaren 23tik urriaren 23ra.

14 urtetik gorako herritar guztiek parte hartu ahal izango dute, Wellk aplikazioan Leioa euren taldetzat hautatuta eta egindako kirol jarduerak bertan erregistratuta. Parte-hartzea doakoa izango da, eta aplikazioa iOS nahiz Android gailuetarako eskuragarri dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun