Arrastiko 18:00etatik 20:00etara bitartean egingo den ekitaldia irekia izango da, eta bertan parte hartzen dutenek munduko zaporeak dastatzeko aukera izango dute, zuzeneko musikak girotuta. Xedea aisialditik harago doa; hau da, Leioan dagoen kultur aniztasuna balioan jarri eta herritarren arteko harremanak sendotu gura da.

Ekimen honetan Sortarazi, Core Fundazioa eta SolidaridUp Leioa erakundeek parte hartuko dute, guztiak ere gizarteratzearen eta kulturen arteko bizikidetzaren alde lanean dihardutenak.
Topaketa hau "Stop Arrazakeria Leioan" kanpainaren barruan kokatzen da, Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira abiatutako ekimenen artean. Kanpainak, besteak beste, udalerriko hainbat espaziotan mezuak zabaltzea ere aurreikusten du, errespetua, berdintasuna eta aniztasuna sustatzeko.