"Leioa Konecta" programa kaleetara itzuliko da

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 25a

Udalak emandako datuen arabera, erabiltzaileen batez besteko adina 60 urte ingurukoa da.

Gaurtik aurrera, "Leioa Konecta" programa berriro egongo da martxan, herriko kolektibo kalteberenei tresna digitalak erabiltzen laguntzeko.

Zerbitzua hitzordurik gabe erabili ahal izango da. Laguntza behar duten herritarrek Errekalde plazako gunean jaso ahalko dute arreta astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan; Langileriakoan, berriz, martitzenetan eta eguenetan. Ordutegia ere herritarren beharretara egokituko da, goizez 9:30etik 14:00etara eta arrastiz 16:30etik 19:00etara eskainiko baita arreta pertsonalizatua. 

Programaren hasierako faseetan, mugikorraren oinarrizko konfigurazioagaz eta aplikazioen instalazioagaz lotutako kontsultak izan ziren ohikoenak. Gaur egun, ordea, administrazio-izapideakaz lotutako galderak dira nagusi. Besteak beste, Gizarte Segurantzako tramiteak, online banku-kudeaketa edo Lanbide eta SEPEgaz lotutako prozedurak artatzen dituzte.

Udalak emandako datuen arabera, 868 pertsonak erabili dute zerbitzua aurreko faseetan. Erabiltzaileen artean, emakumeak %60 baino gehiago dira, eta batez besteko adina 60 urte ingurukoa da. Halaber, kasu gehienetan aurrez aurreko arreta lehenetsi dela nabarmendu dute.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun