Merkataritza ibilbide gidatuek herriko saltokiak eta haien historia gertutik ezagutzeko aukera emango diete leioaztarrei

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 30a

Leioako Udalak merkataritza ibilbideen edizio berria antolatu du apirilaren 17 eta 24rako.

Leioako Udalak merkataritza ibilbideen edizio berria antolatu du apirilaren 17 eta 24rako, herriko saltokiak beste ikuspegi batetik ezagutzeko helburuagaz. Doako ekimena izango da, 18:00etatik aurrera, eta tokiko merkataritza, historia zein herriko nortasuna uztartuko dituen esperientzia parte-hartzailea eskainiko du.

Aurtengo edizioan 21 saltokik eta hurbileko zerbitzuk parte hartuko dute, eta bisitak auzoka antolatutako lau ibilbidetan banatuko dira: Lamiako ingurua, Bulebarra, Iparragirre eta Estartetxe. Proposamenaren helburua ez da soilik dendak erakustea; udalaren arabera, tokiko merkataritza balioan jartzea, haren atzean dauden pertsonei aurpegia jartzea eta herriko ehun ekonomikoa indartzea ere bada.

Ibilbideek, gainera, gidari ezagunak izango dituzte. Euskarazko saioak Eider Hurtado kazetariak gidatuko ditu, eta gaztelaniazkoak, berriz, Maribel Salas aktoreak. Biek ala biek ibilbideei testuinguru historikoa, tokiko pasadizoak eta Leioaren 500. urteurrenari lotutako erreferentziak gehituko dizkiete.

Lehen jardunaldia apirilaren 17an egingo da. Egun horretan, euskarazko ibilbideak Lamiako, Erromo, Artaza eta Bulebar ingurua lotuko ditu 1,7 kilometroko bidaiagaz; gaztelaniazkoak, ordea, 650 metroko ibilbide laburragoa egingo du Bulebarretik abiatu eta Sabino Arana zein Luis Bilbao Libanoren inguruan barrena. Bigarren saioa apirilaren 24an izango da: orduan, euskarazko ibilbideak Iparragirre eta erdigunea zeharkatuko ditu, eta gaztelaniazkoak Bulebarra, Sabino Arana eta Estartetxe lotuko ditu, ohiko saltokiak eta lokal berriak uztartuz.

Udalak nabarmendu du taldeak txikiak izango direla, gehienez 12 lagunekoak.. Parte hartzea doakoa bada ere, plaza mugatuak izango dira; horregatik, aurretik izena eman beharko da formulario baten bidez edo Behargintza Leioaren 94 400 41 95 telefono zenbakira deituta. Izen-ematea zabalik dago jada, lekuak bete arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun