Zerbitzua 65 urtetik gorako pertsonei, mugikortasun murriztua edo aitortutako desgaitasuna dutenei, edota osasun arrazoiengatik aldi baterako mugitzeko zailtasunak dituztenei dago zuzenduta. Udalaren esanetan, helburua behar gehien dutenentzat eguneroko joan-etorriak errazago, irisgarriago eta merkeago egitea da.
Programaren bidez, erabiltzaileek taxi bidezko joan-etorriak egin ahal izango dituzte udalerri barruan, prezio murriztuan, udal dirulaguntzari esker. Hala, bidaiaren kostua 15 euro edo gutxiagokoa denean, erabiltzaileek 2,5 euro ordainduko dituzte; prezioa handiagoa bada, kopuru hori eta dagokion aldea ordaindu beharko dute. Udalak, gehienez, 12,5 euroko laguntza emango du bidaia bakoitzeko.
Zerbitzuak bonu pertsonalizatuen bidez funtzionatuko du. Onuradunek bonu horiek erabiliko dituzte bidaia bakoitza ordaintzeko, zuzenean Leioako taxi-lizentzia duen gidariari emanez dagokion zenbatekoagaz batera. Pertsona bakoitzak, guztira, 100 bidaia egin ahal izango ditu.
Joan-etorriak Leioa barruan egin beharko dira, eta Bizkaitaxi zentralaren bidez erreserbatu. Zerbitzua urteko egun guztietan egongo da eskuragarri.
Laguntza eskatzeko epea daborduko zabalik dago, eta 2026ko azaroaren 30era arte egongo da martxan, edo aurrekontua agortu arte, behintzat. Eskaerak Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuetan aurkeztu ahal izango dira, edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez.