Kolektiboak sustatutako herri ekimenaren bidez, jai-programetan animaliak erabiliz egiten diren harria arrastatzeko probak baztertzea eskatu dute. Horrez gain, Udalari galdegin diote halako ekitaldirik ez antolatzeko, ez diruz laguntzeko, eta ez emateko horrelako probak dituzten jarduerei espazio edo eraikin publikoak erabiltzeko baimenik.
Lehen herri ekimena, baina ez lehen aldarrikapena
Taldeak nabarmendu du gaur aurkeztutakoa dela 2013an Araudi Organikoa eta Herri Partaidetzari buruzkoa onartu zenetik Leioako Udalean aurkezten den lehen herri ekimena. Sinadurak erregistratu ondoren, proposamena Udalbatzan bozkatu beharko dute.
Sinadura bilketa 2025eko irailean abiatu zuen kolektibo animalistak, eta ordutik herriko hainbat lekutan jarritako mahaien bidez bildu dituzte atxikimenduak.
Ez da, hala ere, eskaera hori kalera ateratzen den lehen aldia. Animaliak erabiliz egiten diren harria arrastatzeko probak jaietako programetatik kentzeko eskariak babes zabala jaso izan du azken urteotan: 2015ean 11.500 sinadurak bildu zituzten Change.org plataforman, eta 2019an beste 45.000 lagunek egin zuten bat aldarrikapenagaz. Hala ere, salatu dutenez, Udalak ez zituen eskaera horiek aintzat hartu.
Udalaren esku dago erabakia
Taldeak aurkeztutako txostenetako batek azpimarratzen du auzia udal-eskumenekoa dela. Diputazioak animaliek baldintza sanitario egokiak dituztela egiaztatu eta lehen baimena ematen badu ere, behin betiko baimena Udalak ematen du, espazio publikoa erabiltzeko baimena emateagaz batera.
Gainera, kolektiboaren arabera, Udalak ia 20.000 euro bideratzen ditu San Bartolomeko jaietara; beraz, gura izanez gero, animaliak erabiltzen dituzten probak ez egitea ezar lezake dirulaguntzen baldintza gisa.
Hori da, hain zuzen ere, taldearen mezu nagusietako bat; hau da, jai-eredua ez dela berez sortzen, erakundeek erabakitzen dutela zer bultzatu, zer lagundu eta zer baimendu.
Albaitarien txostenak, mahai gainean
Guztira hiru txosten aurkeztu dituzte. Horietako batean, Teresa Gamonal albaitariak 400 kilo inguruko asto batek 700 kiloko harria 20 minutuz arrastaka eramatean giharretako eta bihotz-hodietako estres handia pairatzen duela ohartarazi du. Dokumentuak dio, gainera, beste erkidego batzuetan debekatuta dagoela astoak jotzeko makilak erabiltzea.
Beste txosten bat AVATMA albaitarien elkarteak sinatu du, idi-probetako animalien sufrimenduari buruz. Taldeak gogorarazi duenez, 2025ean Leioan idi-probarik egin ez bazen ere, dokumentuak agerian uzten du antzeko jardueretan animaliek sufritu egiten dutela.
"Asto-probetara oso jende gutxi joaten da"
Era berean, taldeak salatu du asto-probetara “oso jende gutxi” joaten dela, eta auzoko biztanleak soilik kontuan hartuta, parte-hartzea are txikiagoa dela.
Halaber, gogorarazi dute 2007tik jai-batzordeko zuzendaritza lau lagunek osatzen dutela, eta horietatik bi baino ez direla Leioan bizi. Eta kritika hori beste datu bategaz osatu dute; hau da, haien esanetan, astoen jabeentzako sarietara haur-jolasetara baino diru gehiago bideratzen da.
"Leioa modernoa"
Taldearen ustez, Leioak aurten 500 urte betetzen dituela udalerri independente gisa kontuan hartuta, une egokia da bestelako jai-eredu baten alde egiteko.
Beraz, haien proposamena ez da soilik jarduera bat kentzea, denontzat erakargarria izango den eta animalien sufrimendurik eragingo ez duen alternatiba bat proposatzea baizik.