Proiektuak "sekretu" kontzeptua ardatz hartuko du, modu zabalean ulertuta; hau da, inoiz adierazi gabeko pentsamenduak, isilean gordetako oroitzapenak edo ,benetakoak zein asmatutakoak, inoiz kontatu ez diren istorioak. Helburua Leioako barne-bizitzaren mapa ikusezin bat marraztea da.
Parte hartzeko epea apirilaren 7tik 27ra egongo da zabalik, eta 18 urtetik gorako herritar guztiek aurkeztu ahal izango dituzte beren testuak, euskaraz zein gaztelaniaz, gehienez 500 hitzeko luzeragaz. Ekimenaren ezaugarri nagusietako bat anonimotasuna da; izan ere, kontakizunak ezizen bategaz sinatuko dira, adierazpenerako espazio aske eta seguru bat bermatzeko.
Testuak formatu digitalean bidali beharko dira 500urte@leioa.eus helbidera, bi fitxategitan banatuta: batean kontakizuna (izenburua, ezizena eta testua), eta bestean egilearen harremanetarako datuak.
Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu: 400 euroko lehen saria, 250 euroko bigarrena eta 150 euroko hirugarrena. Halaber, epaimahaiak egoki iritziz gero, aipamen bereziak ere egin ahal izango ditu.
Ekimenaren une berezienetako bat maiatzaren 29an izango da, Reading Light Sekretua izeneko irakurketa publikoan. Formatu eszeniko berezi batean, hautatutako testuak irakurriko dira, egileen anonimotasuna errespetatuz. Antolatzaileen arabera, esperientzia honek istorio bakoitza arretaz entzuteko giro intimoa sortu gura du, banakakoa dena kolektibo bihurtuz.
Gainera, aukeratutako kontakizunak argitalpen kolektibo batean bilduko dira, Leioako Artxibo Sekretua osatuz eta 500. urteurrenaren testuinguruan ondare gisa finkatuz.
Ekimenari amaiera emateko, topaketa bat antolatuko da, parte-hartzaileek eta bertaratutakoek giro lasaian elkarbanatzeko aukera izan dezaten.