Eguneko ardatz nagusia AUSARTAK I. Martxa Solidarioa izango da. 11:00etan abiatuko den 3,5 kilometroko ibilbidea edonork egiteko modukoa izango da, adin eta baldintza fisiko guztietara egokitua. Antolatzaileek diote ez dela lehiaketa bat izango, elkarrekin ibiltzea, sentsibilizatzea eta elkartasuna adieraztea dela helburua.
Martxaz harago, egunak programazio zabala eskainiko du. Tailerrak, parte hartzeko jarduerak eta informazio guneak egongo dira, ASPANOVAS-en lana gertutik ezagutzeko eta minbizia duten adingabeen familiek behar duten laguntza integrala ikusarazteko.
Izen-ematea zabalik

Martxan parte hartzeko izena emateko epea daborduko zabalik dago. Apirilaren 15a baino lehen eman behar da izena, eta bi aukera daude: ohiko izen-ematea edo "0 dortsala". Biek 10 euroko kostua dute.
Ohiko izen-emateak martxan parte hartzeko plaza bermatzen du, eta kamiseta bat zein dortsal inprimagarria jasotzeko aukera ematen du. "0 dortsala", berriz, bertaratu ezin direnentzat da: kasu horretan ere ekarpena egiten da, baina ez da materialik jasotzen.
Bildutako dirua AUSARTA zentroa sortu eta mantentzera bideratuko da, ASPANOVASek sustatutako minbizia duten adingabeentzako osasun integraleko gunea.