Proiektuaren gakoetako bat gaur egungo eraikinaren etorkizuna da: aurkeztutako dokumentazioak baserria eraitsi eta haren ordez eraikuntza berria garatzeko aukera jasotzen du, baina, aldi berean, eraikina berregiteko aukera ere aurreikusten da.
Udalaren ebazpenak zehazten duenez, prozedura hirigintza-araudiaren barruan izapidetzen ari da. Hala ere, planteamenduak zuzenean eragiten dio tokiko ondareari, eta horrek berriro ekarri du eztabaidara baserri-eraikinen kontserbazioaren eta garapen urbanistikoaren arteko talka.
Aurrekariak: babesetik aukerara
Egoera ulertzeko, atzera begiratu behar da. 1999ko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak babes-ikuspegi sendoa ezartzen zuen, eta Alangoetxea bezalako baserriek "Oinarrizko babesa" maila zuten. Horrek esan gura zuen esku-hartzeak oso mugatuak zirela eta eraisketa, praktikan, baztertuta geratzen zela.
Hala ere, ondorengo urteetan egindako aldaketa puntualek ikuspegi hori aldatu zuten. 2006ko modifikazioan, Ondiz auzoa sektoretan banatu eta garapen urbanistikoa sustatzeko bidea ireki zen, etxebizitza-eskaerari erantzuteko helburuagaz. Aldaketa horiek ez ziren isolatuak izan: denboragaz, babes-araudia sinplifikatu edo indargabetu egin da, eta esku-hartzeetarako baldintzak nabarmen malgutzen joan dira.
Testuinguru horretan ulertu behar da gaur egungo egoera. Dokumentuek ez dute zuzenean agintzen Alangoetxea bezalako eraikinak eraistea, baina bai ondorio argi bat uzten dute: hasierako babes eraginkorra desagertu egin da, eta, ondorioz, eraisketa juridikoki posible bihurtu da, baita ordezko eraikuntzak planteatzea ere.
Egungo testuingurua
Independentzia kaleko espedienteak joera hori berresten du. Xehetasun Azterketek ez dute antolamendu orokorra errotik aldatzen, baina eraikuntza-baldintzak zehaztu eta egokitzeko balio dute. Kasu honetan, horrek esan gura du egungo baserriaren ordez bestelako eraikuntza bat garatzeko aukera irekitzen dela, baina, aldi berean, eraikina berregiteko edo berrinterpretatzeko aukera ere mahai gainean uzten dela.
Proiektua oraindik hasierako fasean dago, eta jendaurreko epeak aukera emango die herritarrei proposamena aztertzeko eta alegazioak aurkezteko. Prozesu horren emaitzak zehaztuko du azken erabakia.
Eztabaida irekita
Azken finean, kasu honek agerian uzten du azken urteotan Leioan garatu den hirigintza-eredua. Hasierako babes zorrotzetik, pixkanaka, malgutasun handiagoko egoera batera igaro da, non garapen urbanistikoak eta etxebizitza-beharrek gero eta pisu handiagoa duten.
Alangoetxearen etorkizuna oraindik formalki erabakita ez dagoen arren, egungo marko juridikoak dagoeneko aukera bat ireki du; hau da, baserria desagertzea eta haren ordez bestelako hiri-garapen bat egitea edo . Testuinguru horretan, erabakia ez da soilik teknikoa; hiri-ereduaren inguruko hautu bat ere bada.