Leioak lehen aldiz ospatuko du Euskal Jaia maiatzaren 9an

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 24a

Eguna amaitzeko, 22:00etan, Lehian taldeak erromeria eskainiko du Ikea Barri plazan.

Leioak lehen aldiz hartuko du Euskal Jaia, maiatzaren 9an, zapatuan. Badagiro Leioa Kultur Elkarteak antolatu du ekimena, Leioako Udalaren laguntzagaz, eta egitarauak egun osoko jarduerak bilduko ditu, musika, dantza eta gastronomia ardatz hartuta.

Jardunaldia 11:00etan hasiko da, Ondalan Erraldoien Konpartsaren kalejiragaz. Erraldoiak eta gaitariak Udondoko Bulebarretik zein Iparragirre etorbidetik ibiliko dira. Eguerdian, 12:00etan, haurrentzako jolasak antolatuko dira, eta ordubete geroago, 13:00etan, Euskal Parrilla izeneko janari-gunea zabalduko da, bertaratzen direnek pintxoak eta bestelako jakiak dastatzeko aukera izan dezaten.

Arrastiko egitaraua 17:00etan hasiko da Egurre taldearen eskutik, musika eta dantza tradizionalagaz. 19:00etan, Tio Teronen Semeak taldeak ikuskizuna eskainiko du, eta 20:00etan Udondoko txikiteroek kaleak girotuko dituzte euskal abestiekin.

Eguna amaitzeko, 22:00etan, Lehian taldeak erromeria eskainiko du Ikea Barri plazan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, helburua herritarrentzako topagune bat sortzea eta euskal ohiturak gertutik bizitzeko aukera eskaintzea da. Parte-hartzea irekia izango da, eta gura dutenak euskal jantzi tradizionalagaz joan daitezke.

 

 

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun