Leioak TAOren ordutegia gauerdira arte luzatuko du hiru auzotan, bizilagunen aparkaleku arazoei erantzuteko

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 30a

Aurreikuspenen arabera, ordutegi berria uztailaren amaieran hasiko da aplikatzen. © LEIOAKO UDALA

Gaur bertan onartutako erabakiaren arabera, Pinueta, Lamiako eta Ibaiondo auzoetan aparkatzeko zerbitzu arautuaren (TAO) ordutegia luzatuko da lanegunetan, gauerdira arte.

Azken hilabeteetan egindako hainbat bileratan, auzotarrek salatu dute gero eta zailagoa dela etxetik gertu aparkatzea, bereziki arrastia aurrera joan ahala. Arazoaren muina, askoren arabera, TAOren egungo ordutegiaren amaieran dago; hau da, une horretan, udalerritik kanpoko ibilgailuek plaza ugari hartzen dituzte, eta horrek egoiliarren egunerokoa baldintzatzen du.

Udalaren arabera, ordutegiaren luzapenak bi helburu nagusi ditu: batetik, egoera hori zuzentzea, eta bestetik, aparkaleku arautuaren erabileran bizilagunen lehentasuna indartzea. Horretarako, txandaketa handiagoa sustatu gura da, eta, ondorioz, auzotarrek etxetik gertu aparkatzeko aukera gehiago izatea.

Ordutegi berriak aldaketa nabarmena ekarriko du aste barruan. Hemendik aurrera, TAOak astelehenetik barikura 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 00:00etara jardungo du; zapatuetan, berriz, 09:00etatik 13:30era mantenduko da zerbitzua. Hala ere, udalak argi utzi du neurriak ez duela kostu gehigarririk ekarriko TAO txartela dutenentzat, eta egungo baldintzak bere horretan mantenduko direla.

Aldaketa ez da berehala indarrean sartuko. Lehenik, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, eta ondoren 30 egun baliodun igaro beharko dira. Aurreikuspenen arabera, ordutegi berria uztailaren amaieran hasiko da aplikatzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun