Parte-hartze prozesuaren une erabakigarria da honakoa, izan ere, lehen fasean jasotako proposamenen artean sei ekimenek soilik gainditu dute udal teknikariek egindako bideragarritasun azterketa.
Aukeratutako proiektuek Leioaren garapenerako funtsezko arloak ukitzen dituzte, hiri-ingurunearen hobekuntzatik hasi eta gizarte-berrikuntzaraino. Horien artean dago Pinosoloko espazioan izaki mitologikoen proiektua handitzea eta zuhaitz-landaketa indartzea, baita kalistenia gune gehiago sortzea ere, herritarren aisialdia eta ongizatea sustatzeko. Bestalde, haur-parkeak estaltzen jarraitzeko proposamena ere mahai gainean dago, auzoen beharrak aztertu eta espazio estali berriak planifikatzeko helburuagaz.

Hirigintza arloan, Gabriel Aresti kalea berrantolatzeko eta hobetzeko proiektu teknikoa idaztea proposatu da, kale horren egungo egoerari erantzun egokiagoa emateko. Oinarrizko zerbitzuei dagokienez, udalerrian oraindik estali gabe dauden eremuetan bi komun publiko berri instalatzeko aukera aztertuko litzateke. Horrez gain, gizarte- eta lanbide-berrikuntzarako gune baten sorrera ere bozketan dago, komunitate-ekimenak eta coworking espazioak uztartuko lituzkeen laborategi modura. Azkenik, zebrabideetako argiztapena hobetzeko proposamenak ere bertan dira.
Parte hartzeko bideak askotarikoak izango dira, herritar guztien irisgarritasuna bermatzeko asmoz. Botoa aurrez aurre eman ahal da udal-eraikinetan eta herriko hainbat puntutan jarriko diren hautetsontzien bidez, eta horrez gain, informazio-karpak ere jarriko dira egun eta kokapen jakinetan, prozesuari buruzko azalpenak eman eta parte-hartzea sustatzeko. Maiatzaren 13an, gainera, auzoz auzoko ibilbideak egingo dira ekimena herritarrengana gerturatzeko. Online bozkatzeko aukera ere egongo da, udalaren webgunearen bidez.
Ekimen honek 800.000 euroko aurrekontua izango du 2027ko udal-kontuetan, herritarrek aukeratutako proiektuak gauzatzeko. Horri gehitu behar zaizkio Haurren Aurrekontu Irekiak, Haur eta Nerabeen Kontseiluak sustatutakoak, gazteen ikuspegia ere udal politiketan txertatzeko.