Leioak 500. urteurreneko ospakizunak indartuko ditu udaraino, auzoak eta herritarrak protagonista bihurtuz

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 6a

Udalerriko espazio ezberdinak aktibatu gura dira, herritarren inplikazioa areagotuz eta auzoen arteko loturak indartuz. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak aurrera jarraituko du 500. urteurrenaren ospakizunakaz, eta daborduko aurkeztu du abuztu amaierara arte luzatuko den egitarau zabala. Kulturaren eta aisialdiaren arteko uztarketa izango da programaren ardatz, baina batez ere herritarren parte-hartzea sustatzea izango du helburu nagusi.

Horregatik, Udalak dei zuzena egin die herritarrei urteurrenagaz bat egin dezaten, balkoi, terraza eta leihoak banderakaz apainduz eta ospakizunaren kamiseta ofiziala jantziz. Azken hori "Begitxu" izeneko urteurreneko furgonetaren bidez eskuratu ahal izango da, jarduera guztietan presente egongo baita.

Udalerriko espazio ezberdinak aktibatu gura dira, herritarren inplikazioa areagotuz eta auzoen arteko loturak indartuz.

Maiatzean bertan hasiko da jardueren lehen olatua, kaleak eta plazak hartuz. Dantza Plaza ekimenak euskal dantzak kalera aterako ditu Cervantes plazan, eta "Orainaren Begiradak" proiektu komunitarioak herritarren aurpegiak bilduko ditu udalerrian barrena, etorkizunean Leioaren irudi kolektiboa osatuko duen horma-irudi bihurtzeko. Hilabete berean amaituko da Leioako Artxibo Sekretuaren baitako kontakizun lehiaketa, eta "Begitxu" furgoneta Umore Azokagaz batera ibiliko da kalez kale, informazioa zabalduz eta herritarren parte-hartzea sustatuz. Maiatzaren amaieran, berriz, "Jaietako Begiradak" ekimenak Lamiakoko jaietara eramango du urteurrenaren espiritua, fotomatoi ibiltari baten bidez.

Sormena, memoria eta musika ekainaren ardatz

Ekaina sormenaren eta kulturaren hilabetea izango da. Errekaldeko baserrian egingo den Reading Light ekitaldiak Leioaren memoria emozionala ekarriko du lehen lerrora, giro intimo eta berezi batean. Handik gutxira, "Leioako Begiradak" erakusketak iragana ikuspegi bisualetik eskainiko du Lamiakon, eta ekainaren 19an aurkeztuko da "Orainaren Begiradak" horma-irudi komunitarioa, gaur egungo Leioaren isla kolektiboa. Musika zaleek ere hitzordu garrantzitsua izango dute hilaren 23an, tokiko taldeen lehiaketaren finalean, eta ekainaren amaieran "Zu zara Leioa" egitasmoak aste-akabu osoa beteko du kalejirak, herri kirolak, gastronomia eta topakagaz, auzoak dinamizatzeko asmoz.

Jai giroa eta parte-hartzea udan

Uda iristeagaz batera, jai giroak hartuko du protagonismoa. Uztailean eta abuztuan zehar, "Zure banderak saria dauka" ekimenak urteurreneko banderarekin apaindutako etxeak sarituko ditu astero, eta hitzaldi zikloak gizarte kohesioari buruzko gogoeta ekarriko du, kirolaren bidez komunitatea nola indartu aztertuz. Aldi berean, "Jaietako Begiradak" ekimenak auzoetako jaiak zeharkatzen jarraituko du abuztuan ere, eta udaren amaieran "Leioako Begiradak" erakusketak San Bartolomen egingo du geldialdia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun