Herritarren kolektiboek auzitara eraman dute Lamiakoko ibaipekoaren proiektua "irregularitate larriak" salatuta

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 7a

Demandaren arabera, azpiegitura hainbat derrigorrezko txostenik gabe onartu zen.

Lamiakoko ibaipeko tunelaren proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira iritsi da. Artaza Parkeko Herritarrak-ARPA elkarteak, hainbat herritar kolektiboakaz batera, demanda aurkeztu du azpiegitura bertan behera uzteko eskatuz, proiektua "legezkotasun administratiboa eta ingurumenekoa modu larrian urratuz" onartu dela argudiatuta.

Nerbioi itsasadarraren azpian eraiki gura den bide-tunelak 500 milioi eurotik gorako aurrekontua izango luke, eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako egitasmoa da. Herri plataformen arabera, ordea, proiektuak hutsune juridiko eta ingurumeneko larriak ditu, eta horregatik obrak kautelaz etetea eskatu dute, epaileek auzia ebatzi bitartean.

"Nahitaezko baimenik gabe" onartutako proiektua

Demandaren arabera, azpiegitura hainbat derrigorrezko txostenik gabe onartu zen, tartean Uraren Euskal Agentziaren, Kostaldearen edo Aire Segurtasunaren inguruko baimenik gabe. Kolektiboek Bizkaiko Foru Aldundiak berak ezarritako baldintzak ez dituela bete salatu dute.

Horrez gain, ingurumen-inpaktuaren azterketa "osatugabea eta azalekoa" dela diote. Salatu dutenez, txostenak ez ditu benetako alternatibak aztertzen, eta aurrez erabakitako irtenbide bakarra justifikatzera mugatzen da: tunela eraikitzea. Era berean, kutsaduraren ondorio metatuak eta herritarren osasunean izan ditzakeen eraginak ez direla behar bezala ebaluatu ohartarazi dute.

Aldaketak, herritarren kontrolik gabe

Plataformen arabera, proiektua jendaurrean aurkeztu ondoren ere aldaketa esanguratsuak egin dira; hala nola leherketen erabilera gehitzea edo garraio publikoko aukerak kentzea. Hala ere, aldaketa horiek ez dira herritarren parte-hartze prozesu berri batera eraman.

Kolektiboek, gainera, ohartarazi dute azpiegiturak trafikoa eta emisio kutsatzaileak handituko lituzkeela epe ertainera, mugikortasun jasangarriaren eta klima aldaketaren aurkako Europako politikakaz talka eginez. Haien ustez, obrek "kalte itzulezinak" eragin ditzakete ingurunean, kutsatutako lurzoruei, uholde-arriskuko eremuei eta habitat sentikorrei eraginez.

Auzitegiak datozen asteetan erabaki beharko du obrak behin-behinean eteteko eskaerari buruz. Bien bitartean, demandaren sustatzaileek adierazi dute lurralde-antolamendu "zorrotz, garden eta egungo ingurumen erronkekin lerrokatuaren" alde egiten jarraituko dutela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun