Kontzertu egitaraua ekainaren 19an hasiko da, barikuan. Gaueko 22:30etik aurrera, Neomak eta Oxabi taldeak igoko dira oholtzara, elektronika, euskal popa eta erritmo dantzagarriak uztartzen dituen gaualdi batean. Antolatzaileen arabera, bereziki publiko gazteagaz konektatzeko pentsatutako proposamena izango da
Pop-rock klasikoak eta festa giroa
Ekainaren 20an, zapatuan, 21:30ean izango da hurrengo hitzordua. Los niños Jesús eta Manel Fuentes & The Spring’s Team Band taldeek hartuko dute plaza, pop-rock klasikoetan eta bertsio ezagunetan oinarritutako kontzertuagaz. Publikoak ezagun dituen abestiak, parte-hartzea eta agertokiko energia izango dira gaualdiaren osagai nagusiak.

Ekainaren 21ean, domekan, Vulcano Show Orkestrak hartuko du lekukoa. Iazko arrakastaren ostean itzuliko da Leioara, eta ikuskizun handia eskainiko du: zuzeneko musika, koreografiak eta pop, musika latino eta azken urteetako arrakasta handiak uztartuko dituen errepertorio zabala. Familia giroan eta publiko guztientzat gozatzeko moduko emanaldia izango dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Kontzertu hauek txosnen guneko egitarauagaz osatuko dira. Udalak iragarri du datozen asteetan emango dituela kontzertu horien xehetasunak.
Tokiko talentuaren txanda
San Juanetako egitarauaren barruan, tokiko musikariek ere protagonismo berezia izango dute. Hamaika Soinu izeneko banda lehiaketako hiru talde finalistak zuzenean ariko dira Jose Ramón Aketxe plazan, ekainaren 23an, 20:00etatik aurrera.
Finalera iritsi diren taldeak Lorreine, Still Rising eta SVP (Soporte Vital Básico) dira, eta bakoitzak 30 minutuko kontzertua eskainiko du publikoaren aurrean. Emanaldien ostean, epaimahaiak irabazlearen izena emango du eta sari banaketa egingo da.