Iban Rodriguez Etxebarria berriro izango da EAJren alkategaia Leioan

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 8a

Iban Rodriguez Etxebarria Leioako EAJren alkategaia izango da beste behin ere. © LEIOAKO UDALA

EAJk berriro hautatu du Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkategai gisa, alderdiaren tokiko batzarrak aho batez babestuta. Egungo alkateak, hortaz, berriro gidatuko du jeltzaleen hautagaitza datozen udal hauteskundeetan.

48 urteko leioaztarrak ibilbide luzea du udal politikagintzan, eta azken urteotan alkate karguan aritu da. Aurretik, besteak beste, Hirigintza, Etxebizitza, Mugikortasun eta Ingurumen arloetan zinegotzi eta alkateorde izan zen. Irakasle lanbidez, Claret Askartza ikastetxean jardundakoa da.

Rodriguez Etxebarriak azpimarratu du bere jardun politikoaren oinarrian gertutasuna eta entzute aktiboa daudela: "Politikak erabilgarria izan behar du, kalean egon behar da eta jendearen beharrei erantzun".

Proiektuak eta etorkizuneko erronkak

Azken legegintzaldian, hainbat proiektu nabarmen bultzatu direla azpimarratu du EAJk; hala nola Arrienako parkea, Lamiakoko Boulevard-a edo Lamiako-Txopoeta eremuko berroneratze plana. Horrez gain, beste administrazioagaz lankidetzan egindako ekimenen artean daude "La Avanzadaren" estaldura edo herriguneko institutu berriaren eraikuntza.

Aurrera begira, alkategaiak erronka nagusien artean aipatu ditu Pinuetako hirigintza-berroneratzea eta Torresoloko kiroldegiaren garapena, udalerriaren etorkizunerako giltzarri izango diren proiektuak.

Rodriguezek berak nabarmendu duenez, "Leioak aurrera egin du azken urteotan, baina ez gara konformatzen". Helburua, bere hitzetan, udalerri "modernoago, kohesionatuago eta pertsona guztientzat pentsatuago" bat eraikitzen jarraitzea da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun