Leioak euskal kultura eta elkartasuna uztartu ditu aste-akabu osoan zehar

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 11

Ausarta Eguneko parte-hartzailek 3,5 kilometroko ibilbidea egin zuten domeka goizean. © LEIOAKO UDALA

Aste-akabu berezia bizi izan du Leioak, euskal kultura, gastronomia eta elkartasuna ardatz izan dituen bi ospakizun handiakaz. Zapatuan Euskal Jaia egin zen lehen aldiz, eta domekan, berriz, Ausarta Eguna ospatu zen, umeen minbiziaren errealitatea ikusarazteko helburuagaz.

Maiatzaren 9an, zapatuan, Badagiro Leioa Kultur Elkarteak eta Leioako Udalak antolatutako Euskal Jaiaren lehen edizioak herriko kaleak musikaz, dantzaz eta gastronomiaz bete zituen. Ekimenaren helburua euskal tradizioak sustatzea eta belaunaldien arteko topagunea sortzea izan zen.

Herria euskal jantzi tradizionalak soinean izanik, egitaraua goizeko 11:00etan abiatu zen Ondalan Erraldoien Konpartsaren kalejiragaz. Erraldoiek eta gaiteroek Udondoko bulebarra eta Iparragirre etorbidea zeharkatu zituzten, giro alaia zabalduz. Ordubete geroago, haurrek jolas tradizionalakaz gozatu zuten Bidebarriko bulebarrean.

Eguerdian gastronomiak hartu zuen protagonismoa. Euskal Parrillan Eusko Label produktuakaz prestatutako hanburgesa txikiak eta oilasko pintxoak eskaini zituzten, trikitiek girotutako bazkari herrikoian.

Arrastian, Egurre taldeak musika eta dantza tradizionalak eskaini zituen Ikea Barri plazan. Ondoren, Udondoko Txikiteroek euskal kanta herrikoiak zabaldu zituzten Iparragirre eta Ikea Barri inguruan, eta jaiari amaiera Lehian taldearen erromeriak eman zion.

Elkartasuna protagonista, domekan

Domekan, maiatzaren 10ean, ASPANOVASek eta Leioako Udalak antolatutako Ausarta Eguna 2026k hartu zuen lekukoa. Jardunaldi solidarioaren helburua umeen minbizia ikusaraztea eta gaixotasunagaz bizi diren familien aldeko babesa adieraztea izan zen.

Eguneko ekitaldi nagusia I. Ausarta Martxa Solidarioa izan zen. Martxa goizeko 11:00etan abiatu zen Leioako Pirulitik, eta 3,5 kilometroko ibilbidea egin zuen Bidebarriko Boulevardean barrena. Antolatzaileek nabarmendu zuten ibilaldia inklusiboa eta familiarra izan zela, adin eta egoera fisiko guztietako herritarrei parte hartzeko aukera emanez.

Jardunaldiak hainbat ekintza ere bildu zituen. Eguerdian Ausarta Sariak banatu zituzten, eta ondoren Tor Magoaren emanaldia izan zen. Arrastian familientzako kirol-jolasak, haurrentzako tailerrak eta zumba saioa egin zituzten, eta eguna zozketa solidarioagaz amaitu zen.

Horrez gain, putxerada solidarioak eta gazta-loreek osatu zuten eskaintza gastronomikoa, eta 501 Legioak entretenimendu ukitua gehitu zion ospakizunari.

Antolatzaileek azaldu zutenez, jardunaldian bildutako diru guztia Ausarta Zentrora bideratuko zen, ASPANOVASek minbizia duten adingabeentzako duen Osasun Integraleko Espaziora.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun