Plataformak martxoaren 31n erregistratu zuen proposamena. Helburua zen San Bartolome jaietan egiten diren harria astoakaz arrastatzeko probak kentzea eta animalien sufrimendurik gabeko jarduerak sustatzea. Horrez gain, animalien tratu txarra barne hartzen duten ekitaldiei diru-laguntza publikorik ez ematea ere eskatu zuten.
Leioako ordenantzak herri ekimen bat izapidetu ahal izateko erroldaren %10aren babesa eskatzen du. Kasu honetan, beharrezkoak ziren 2.754 sinadurak gainditu zituzten sustatzaileek. Hala ere, Udalaren arabera, aurkeztutako sinadura guztiek ez dute balio.
Udalaren azalpenak
Leioako Udalak azaldu du espedientea "oraindik ez dagoela ebatzita" eta sustatzaileek maiatzaren 19ra arteko epea dutela dokumentazioa zuzentzeko. Udalaren arabera, aurkeztutako 3.115 sinaduretatik 683 ez dira Leioan erroldatutako pertsonenak, eta hori ezinbesteko baldintza da sinadurak baliozkoak izateko. Gainera, 115 sinadura baino gehiago bikoiztuta daudela ere adierazi du, eta kasu batzuetan sinadura bera hiru aldiz ageri dela.
Horrenbestez, Udalaren esanetan, baliorik gabeko sinadurak kenduta ez dira heltzen herri ekimena izapidetu ahal izateko beharrezko gutxienekora. Horrez gain, Udalak nabarmendu du sinadurak ez direla notario aurrean edo legez aitortutako beste formula baten bidez egiaztatu, eta bestelako forma-akatsak ere atzeman dituela. Besteak beste, proposatutako arau-aldaketaren baldintzak eta terminoak ez direla behar bezala zehazten azaldu du, eta planteatutako debekua "orokorregia" dela iritzi dio.
Plataformaren esanetan, hala ere, baldintza horiek "praktikan gaindiezinak" dira herritar talde batentzat. "Ezinezkoa da milaka lagun notariotza batera eramatea parte-hartzeko eskubide bat gauzatzeko", azaldu dute bozeramaileek. Gainera, salatu dute prozesuak kostu ekonomiko handia dakarrela eta herri ekimen bat sustatzeko aukera "elite administratiboen esku" uzten duela.
Kolektiboak, gainera, Udalak ez duela zehaztu zein sinadura baztertu diren edo zergatik kritikatu ere egin du. Plataformaren arabera, Udal Idazkaritzaren ziurtagiri orokor bat baino ez dute jaso, eta horrek "babesgabetasuna" eragiten du. Era berean, Udalak ez du onartu "fede-emaile bereziaren" figura erabiltzea; formula hori beste erakunde eta udal batzuetan erabiltzen da, herritar batek sinadurak bildu eta egiaztatzeko ahalmena izan dezan, notario baten beharrik gabe.
Leioaren araudia, salbuespen
Animalien aldeko taldeak Leioako araudia Euskadin ohikoa ez dela nabarmendu du. Plataformaren arabera, 20.000 biztanletik gorako EAEko 23 udalerrietatik Leioa da sinadura guztiak notario aurrean balioztatzea eskatzen duen bakarra. Adibide gisa aipatu dute Galdakao udalerrian fede-emailearen figura onartzen dela, eta Gasteiz hirian sinaduren zati handi bat Herritarren Arretarako Bulegoetan egiazta daitekeela.
Taldeak parte-hartze araudia aldatzea eskatu dio Udalari, fede-emailearen figura onartzeko eta herri ekimenetarako behar den sinadura kopurua %10etik %1era jaisteko. Aldi berean, animaliakaz egiten diren harria arrastatzeko probak ez baimentzea eta diruz ez laguntzea ere galdegin dute, albaitarien txostenek animalien sufrimendua egiaztatzen dutela argudiatuta.
Plataformaren arabera, eztabaida ez da soilik Asto Proben ingurukoa; herritarren parte-hartzea bera dago jokoan. "Lehenengo eginbehar demokratikoa modu baketsu eta parte-hartzailean mobilizatzen diren auzotarrak entzutea izan beharko litzateke", adierazi dute.
Azkenik, kolektiboak tradizioak ere gizarteagaz batera alda daitezkeela defendatu du. Haien ustez, animalien sufrimendurik gabeko jai ereduetara igarotzea ez litzateke konfrontazio gisa ulertu behar, "elkarbizitzarako, enpatiarako eta aurrerapen kolektiborako aukera gisa baizik".