"Su eta Kolorezko Egunak" izango da Leioako 2026ko San Juan jaien irudia

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 12a

Aurkeztutako kartel guztiak ikusgai daude Kultur Leioan ekainaren 11ra arte.

Leioa udaleko 2026ko San Juan jaietako kartel lehiaketak badu irabazlea. Leire Garrido Rosonen "Su eta Kolorezko Egunak" lanak irabazi du aurtengo edizioa, herri bozketaren bidez aukeratutako bost finalisten artean.

Kartela maiatzaren 10ean egin zuten publiko, apirilaren 29tik maiatzaren 6ra bitartean egindako bozketaren ostean. Irudiak su baten inguruko jai giroa erakusten du: jantzi tradizionalak soinean dituen bikote bat ageri da trikitixaren erritmoan dantzan eta musika jotzen, kolorez eta pirotekniaz inguratutako eszena batean. Konposizioan, gainera, udalerriaren 500. urteurrenari lotutako keinu eta xehetasunak ere txertatu ditu egileak. 

Kartel irabazlea herri bozketaren bidez aukeratu da, baina aurretik artearen, diseinuaren, komunikazioaren eta jai-koadrilen arloko ordezkariek osatutako epaimahai batek hautatu zituen bost finalistak. 

Leire Garrido Rosonek 800 euroko saria jasoko du, eta bere lana izango da datorren urteko San Juan jaien irudi ofiziala. Horrez gain, aurkeztutako kartel guztiak ikusgai daude Kultur Leioan ekainaren 11ra arte egingo duten erakusketan. 

Aurtengo lehiaketan 17 lagunek hartu dute parte, eta guztira 24 proposamen aurkeztu dituzte. Parte-hartzaileen adinak 13 eta 69 urte artekoak izan dira. Gehienak Leioakoak eta Bizkaikoak izan arren, Arabatik, Nafarroatik, Errioxatik eta Murtziatik ere jaso dituzte lanak. 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun