Udalaren esanetan, dokumentua ez da itxia eta herritarren ekarpenakaz osatzen joango da datozen asteetan. “Helburua ez da aukera bakar bat inposatzea, baizik eta ahalik eta adostasun handiena lortzea Leioak datozen urteetan izan behar duen ereduaren inguruan”, adierazi du alkateak.
HAPO berriaren ardatz nagusietako bat etxebizitza da. Aurkeztutako bost alternatibek 976 eta 1.717 etxebizitza berri arteko hazkundea aurreikusten dute, eta kasu guztietan babes ofizialeko etxebizitzek pisu handia izango dute. Proposamenik handinahienak, D alternatibak, 1.717 etxebizitza berri jasotzen ditu, horietatik %55 baino gehiago babestuak.

Hazkunde txikiena aurreikusten duen A alternatibak, berriz, gaur egungo udalerria osatu eta hobetzea du helburu. Besteak beste, Udondo ingurua berroneratzea, parke handi berri bat sortzea eta Donibanen etorkizuneko osasun-zentro baterako lurzatia gordetzea planteatzen ditu. Gainera, Peruriko garapen urbanistikoa baztertzen du.
B eta C alternatibek, aldiz, Peruri eta Lamiako inguruko hazkunde handiagoa aurreikusten dute. Lamiakon, esaterako, antzinako paduren ingurua berreskuratzea eta Metroaren 1. linea lurperatzeko aukera aipatzen dira. C aukerak, gainera, Ondiz inguruan bizitegi eta merkataritza garapen berriak planteatzen ditu, baita oinezkoentzako eta bizikletentzako lotura berriak ere.

Udalak parte-hartze prozesu zabala prestatu du datozen bi hilabeteetarako. Informazio erakusketak jarriko dira Artatza, Mendibile, Lamiako eta San Bartolomen, baita Kultur Leioan ere. Horrez gain, hitzaldi irekiak, auzoz auzoko saio parte-hartzaileak eta online galdetegi bat ere izango dira herritarrek euren proposamenak aurkezteko.
Ekainaren 3an egingo da herritar guztiei irekitako hitzaldi nagusia Kultur Leioan, eta ondoren auzoetako saioak etorriko dira: ekainaren 4an Lamiakon, hilaren 10ean San Bartolomen eta 11n Kultur Leioan bertan. Gainera, genero ikuspegia, irisgarritasuna, gazteen egoera edo ingurumenaren babesa bezalako gaiak lantzeko saio berezi bat ere egingo da ekainaren 17an.