Kaleko artearen sektoreak euskararen aldeko oihua zabaldu du

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 15a

Leioako Umore Azokaren barruan irakurri dute manifestua. © ARTEKALE

Euskaraz sortzen duten Euskal Herriko kaleko arte konpainiek manifestu bateratua aurkeztu dute Leioako Umore Azokan, euskararen presentzia kaleetan indartzeko helburuagaz. "Euskara, jalgi hadi plazara! Jalgi gaitezen kalera!" izeneko adierazpenean, antzerki, dantza eta zirku taldeek euskarazko kultur sorkuntzaren aldeko apustu sendoagoa eskatu dute erakundeentzat zein herritarrentzat. 

Artekaleren bultzadaz osatutako ekimenak sektoreko hainbat konpainia eta sortzaile bildu ditu. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Deabru Beltzak, HIKA Teatroa, AXUT!, Metrokoadroka, Eidabe edo Haatik Dantza. Guztiek ideia bera nabarmendu dute: euskarazko kaleko arteek "biziminez eta naturaltasunez" betetzen dituzte herri eta hirietako espazio publikoak. 

Manifestuak azpimarratzen du azken urteetan gero eta gehiago direla euskaraz sortzen duten konpainiak, baina urrats gehiago behar direla. Horregatik, euskaraz lan egiten ez duten taldeei ere hizkuntza hautu hori egitera animatu diete. "Euskaraz sortzen dugun konpainien aldeko apustua biderkatzeko unea da", diote. 

Kolektiboaren ustez, euskarak kalean irabazten du indarra. Hori dela eta, programazio publikoetan eta herrietako plazetan euskarazko ikuskizun gehiago egotea eskatu dute. "Hiri, herri, auzo eta plaza gehiago behar ditugu euskarazko kaleko arteentzat", aldarrikatu dute. 

Baina mezua ez da erakundeetara bakarrik zuzendu. Herritarrei ere dei zuzena egin diete ikuskizunetara hurbiltzeko, euskarazko kulturaren biziraupenean publikoak duen garrantzia azpimarratuz: "Publikoaren beharra dugu. Elkarren beharra dugu". 

Manifestuaren bidez, konpainiek argi utzi dute euskararen etorkizuna ere kalean jokatzen dela. Horregatik, herritarrak ikuskizunetara gerturatzera eta euskarazko kultur sorkuntza babestera gonbidatu dituzte. "Etorri, ikusi, geratu, gozatu eta gomendatu", diote sinatzaileek, euskarak plazetan, auzoetan eta herrietako eguneroko bizitzan gero eta leku handiagoa izan dezan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun