Euri-aurreikuspenek espazioak birkokatu eta berriro diseinatzera behartu dute antolakuntza, baina Udalak azaldu du aurreikusitako programazioari neurri handi batean eutsi ahal izan zaiola. Izan ere, 45 konpainietatik bik bakarrik ezin izan dute jardun, eta bi kasuetan arrazoia taldekide baten lesioa izan da, ez eguraldia.
Aurtengo edizioan 80 ikuskizun edo esku-hartze ikusi ahal izan dira Leioako kale eta guneetan. Programazioak hainbat diziplina bildu ditu; besteak beste, dantza, antzerkia, komedia eta zirkuko arteak. Leioako Udalaren arabera, proposamenek publiko eta gustu ezberdinei erantzun diete, umorea, hausnarketa, kritika eta balio sozialak uztartuz.
Azokak, halaber, sorkuntza berrien erakusleiho gisa duen funtzioa indartu du. Hogeita hamar bat konpainiak lehen aldiz aurkeztu dituzte beren lanak Euskadin, eta horien artean 25 erabateko estreinaldi izan dira.
Ikusle kopuruari dagokionez, eguenean 1.500 pertsona baino gehiago bildu ziren lehen arrastian, barikuan 4.600 ikusletik gora ibili ziren udalerriko guneetan, eta zapatuan, azokako egunik jendetsuenean, 8.000 lagun inguru elkartu ziren Leioako kaleetan.
250 programatzaile kultural Leioan
Publiko orokorrari zuzendutako eskaintzaz gain, Umore Azokak sektore profesionalaren topagune izaten jarraitu du. Aurtengo edizioan 250 programatzaile kultural inguru bildu dira Leioan. Horrek aukera eman die konpainiei beren lanak erakusteko, harreman profesionalak egiteko eta etorkizuneko kontratazio aukerak lantzeko.
Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak nabarmendu du Umore Azoka ez dela soilik herritarrentzako kultur ekitaldi bat, baizik eta "konpainientzat aukera profesionalak sortzeko gunea" ere badela. Alkatearen esanetan, Leioa euskal, estatuko eta nazioarteko profesionalen topagune izateak udalerriaren erreferentzialtasun kulturala indartzen du.
Umore Azoka 2026ko sariak
Euskarazko ikuskizunik onenaren saria Bitsa Konpainiak jaso du, Haritik tiraka lanagatik. Epaimahaiaren arabera, euskarazko ahozko narrazioan oinarritutako ekoizpena da, eta emakumeek Euskadiko historiako gertakari tragiko batzuetan izandako bizipenak hizkera poetiko eta hunkigarri baten bidez transmititzen ditu.
Euskadiko ikuskizunik onenaren saria DAB dantza konpainiarentzat izan da, KEA ikuskizunagatik. Epaimahaiak lanaren gaitasuna azpimarratu du zigarreten mundua dantzaren bidez transmititzeko eta dokumentatzeko, baita konpainiaren teknika eta eszenaratzea ere.
Munduko gainerako ikuskizunik onenaren saria Manolo Alcantarak jaso du, Refugi lanagatik. Epaimahaiak artistaren ibilbideari buruzko gogoeta, publikoarekiko hurbiltasuna, dotorezia teknikoa eta elementu eszenikoen erabilera nabarmendu ditu.
Horrez gain, Kankarro konpainia sortu berriak aipamen berezia jaso du, dantza eta zirkua uztartzeko erakutsitako gaitasunagatik eta euskal kulturako tradizio batzuk eszenara eramateko moduagatik.
Umore Azoka kaleko arteen erakusleiho eta sektoreko profesionalen urteroko topagune nagusietako bat da. Leioako Udalak antolatuta, azokak konpainien lana ezagutaraztea, ikuskizunen zirkulazioa sustatzea eta sortzaileen, programatzaileen eta bestelako eragileen arteko harremanak sendotzea du helburu. Ibilbide horri esker, antolatzaileen arabera, Estatuko kaleko arteen azokarik garrantzitsuenetako baten lekua hartu du.