Sanbar Blues Fest-ek 20 urte beteko ditu aurten, Vasti Jackson buru dela

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 18a

Sanbar Blues Fest maiatzaren 23an, zapatua, egingo da San Bartolome auzoan.

Leioako Sanbar Blues Fest-ek 20. edizioa ospatuko du zapatu honetan, maiatzaren 23an, San Bartolome auzoko plazan. Bi hamarkadako ibilbidea egin duen jaialdiak blues-a izango du berriro ardatz, eta, ohiko moduan, sarrera doakoa izango da. 

Aurtengo egitarauak lau kontzertu bilduko ditu, eta kartelburu nagusia Vasti Jackson gitarrista, abeslari, konpositore eta ekoizle estatubatuarra izango da.

Jaialdiaren zapatuko eguna eguerdian hasiko da, 13:00etan, "Vermú kontzertu" formatuan. Lehen emanaldia Swamp StringBand Bilboko emakumezko hirukoteak eskainiko du. Xandra Moon, Enny 4 eta Ainhoa Rinconek osatutako taldeak folk amerikarra, countrya eta swinga uztartzen ditu bere errepertorioan, kabaret ukituko abestiakaz eta giro hurbileko proposamenagaz.

Jaialdiaren saio nagusia arrastian izango da, eta Stefano Barigazzi Band taldeak irekiko du. Leioan World is Melting diskoa aurkeztuko du, bluesaren tradiziotik abiatzen den baina soinu garaikideagoetara ere zabaltzen den lanagaz.

Ondoren, Maria Carbonell Blues Mood igoko da oholtzara. Abeslari katalanak gidatutako banda gorabidean dago Europako blues eszenan. 2025ean Volotea European Blues Challenge lehiaketako finalista izan zen, eta urte berean Limonium Sessions diskoa argitaratu zuen. Bere proposamenak ahotsa eta giroa ditu oinarri, bluesaren sustraiak ikuspegi pertsonalago bategaz uztartuta.

Vasti Jackson, kartelburu nagusia

Aurtengo izen nagusia Vasti Jackson izango da. AEBetako musikari beteranoa blues elektrikoaren erreferenteetako bat da, eta ibilbide zabala egin du konpositore, abeslari, ekoizle eta gitarrista gisa. Besteak beste, ZZ Hill-egaz aritu izan da, eta Daryl Coley, Little Milton edo Johnnie Taylor bezalako artistekin lan egin du.

Jackson hainbat aldiz izan da Grammy sarietarako hautagai Blues Tradizionaleko Album Onenaren kategorian. Leioan bere azken lana aurkeztuko du: Royal American Blues, bluesa soulagaz, jazzagaz eta gospelagaz nahasten duen diskoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun