LAKETek ikasturte amaierako jaia egingo du Maria Cruickshanken bakarrizketagaz

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 19a

Hitzordua datorren eguaztenean izango da, maiatzaren 27an.

Leioako Emakumeen Jabekuntza Eskolak, LAKETek, ikasturte amaierako jaia egingo du datorren maiatzaren 27an, eguaztena, 18:00etan, Mendibile kaleko 13. zenbakian dagoen eskolan. 

Hitzordua herriko emakume guztiei zuzenduta egongo da, bai ikastaroetan parte hartu dutenei, bai eskola eta bertan lantzen diren gaiak gertutik ezagutu gura dituztenei.

Ekitaldiaren helburua ikasturtean zehar egindako lana aitortzea eta parte-hartzaileen esperientziak partekatzea izango da. Izan ere, aurten 400 emakume baino gehiagok parte hartu dute LAKETek antolatutako 24 ikastarotan; horien artean berriki martxan jarritako edoskitze-taldea dago. Horrez gain, gazteak ahalduntzeko eta berdintasunerako eskoletan 44 neskak parte hartu dute.

Jaialdiak umorea izango du ardatzetako bat, Maria Cruickshank bakarrizketalariaren eskutik. Artistak “SIMPOL” ikuskizuna eskainiko du, eta emakumeek gaur egun bizi dituzten egoerak umoretik landuko ditu, eguneroko esperientziak, jasotzen duten tratua eta gizarte patriarkalak ezartzen dizkien presioak hizpide hartuta.

Ekitaldiaren amaieran luntxa egingo dute, parte-hartzaileen arteko topagune gisa. Antolatzaileen arabera, une egokia izango da aurten eskolan parte hartu duten emakumeek euren bizipenak helarazteko eta etorkizunean parte hartu gura dutenek LAKET gertutik ezagutzeko.

Parte hartzeko laket@leioa.eus helbide elektronikora idaztea beharrezkoa izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun