Kanpainak tonu hurbila eta zuzena izango du, eta herritar guztiei egingo die dei, ingurunea errespetatzera eta denon artean Leioa atseginago, seguruago eta zainduago mantentzera. Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak adierazi duenez, maskoten gorotzak jaso gabe uzteak, hondakinak paperontzietatik kanpo botatzeak, hiri-altzariak kaltetzeak, ibilgailuen abiadura desegokiek edo bidegorriaren erabilera okerrak "auzotarren artean deserosotasuna" sortzen dute eta bizikidetza kaltetzen dute.

Horregatik, Udalak sei irudi sortu ditu kanpainarako, guztiek "Ei!" deiadarra elementu komun dutela. Horietako bostek herritarren kezka nagusietako jokabideak lantzen dituzte: txakurren gorotzak jasotzea, abiadura moteltzea, bidegorriak behar bezala erabiltzea, hondakinak paperontzietara botatzea eta hiri-altzariak ez apurtzea.
Datozen asteetan, kanpainak presentzia handia izango du herriko espazio publikoan. Kartelak jarriko dituzte parke eta lorategietan, pegatinak paperontzietan, eta biniloak merkataritza zein ostalaritza establezimenduetan.
Udalak nabarmendu du kanpainaren helburua ez dela zigorretan arreta jartzea, kontzientzia kolektiboa indartzea baizik. Hala ere, gogorarazi du jokabide ez-zibilek kostu ekonomikoa ere badutela: banku bat ordezkatzeak 500 euroko kostua izan dezake, eta paperontzi batek 700 eurokoa. Era berean, bide publikoan hondakinak uzteagatik 200 eta 400 euro arteko isunak jar daitezke, eta animalien gorotzak ez jasotzeagatik, 300 eurorainokoak.
Patinete elektrikoen erabilerari dagokionez, arau-hauste larriek 1.000 eurorainoko isunak ekar ditzakete alkohola edo drogak kontsumituta gidatzeagatik; 800 eurorainokoak nahitaezko asegururik gabe ibiltzeagatik; eta 500 eurorainokoak abiadura gainditzeagatik. Espaloietatik edo debekatutako guneetatik ibiltzea, gauez argirik gabe zirkulatzea edo mugikorra zein entzungailuak erabiltzea ere zigortu daiteke.
Kanpaina herritarrek egindako eskaera batetik sortu dela azaldu du Udalak, eguneroko bizitzan, bizikidetzan eta udalerriaren irudian eragina duten jarrera jakin batzuen aurrean kontzientziazio handiagoa eskatu baitute.